Zer kontatzen du 'Futbolariak eta Printzesak' antzezlanak?
Piper egin eta Lurrek eta Odeik topo egingo dute eskolako ganbaran. Elkar ezagutzen hasi, eta, prozesu horretan, gizarteaz eta inguratzen dituen normatibitateaz gogoeta egingo dute.Egunerokotasunean jarraitzen dituzten arauak zalantzan jartzen hasiko dira. Barne bidaia horretan, ikusleak modu aktiboan parte hartzera ere gonbidatuko dituzte, euren jolasen konplize izateko.
Antzezlana gaztetxoei bakarrik dago zuzenduta?
Antzezlana haur eta gaztetxoei zuzenduta badago ere, oso aproposa da familia osoarentzat. Bertan irudikatzen ditugun egoerak hainbat ikuspegitatik jasotzea oso ona da, gero, antzezlanaren ostean, han jorratutako gaiei buruzko solasalditxo bat izateko aukera dutelako haurrek eta helduek. Futbolariak eta Printzesak antzezlana 0-99 urte arteko eremuan kokatu daitekeela esango nuke.
Zein da antzezlanaren helburua?
Futbolariak eta Printzesak antzezlanak parekidetasuna eta hezkidetza bultzatu gura ditu. Berba potoloak dira, baina formatu barregarri eta dibertigarrian jorratzen ditugunez, ikuslearengan eragitea lortzen dugula uste dut. Antzezlanaren ostean, ikusleak beste begirada bategaz irtetea lortzea da gure helburu nagusia.
Musika eta kantuak erabiltzen dituzue gizarte honetako topikoak gaztetxoenei kontatzeko.
Abestiek erritmoa eta bizitasuna gehitzen dizkiote lanari, mezua modu errazago batean helaraziz publikoari. Esketx moduko eszena laburrez eraikita dago antzezlana eta abestiek gaietara hurbiltzeko balio dute.
Zuretzat zer suposatzen du antzezlan honetan parte hartzeak?
Bakoitzaren haur garaira bidaiatzea suposatzen du. Barruan daramagun gaztetxo horregaz konektatzen dugu emanaldi bakoitzean eta, horren bitartez, ikusleek egunero bizitzen dituzten egoerak kanpotik ikus ditzaten saiatzen gara. Nolabaiteko exorzismo bat da guretzat, konplexuak eta arau normatiboak apurtzen saiatzen garelako antzezlanaren bitartez. Lurrek eta Odeik Olatzengan eta Jonengan iraultza txikia eragin dutela esango nuke.
Amaitzeko, 'Futbolariak eta Printzesak' antzezten zaudetenean, publikoan dauden haurrak zuen lanagaz identifikatzen direla esango zenuke?
Baietz uste dugu. Ispilu baten lana egiten dugu. Haur eta gaztetxoen errealitatea islatzen saiatzen gara, modu barregarri eta ironiko baten bitartez, eta identifikatuta sentitzen direla esango nuke, bai.