“Alcasserreko kasua hilketa matxista izan zela plazaratzea da nire asmoa”

Maialen Zuazubiskar 2018ko aza. 20a, 19:00

Nerea Barjola Ramos (Santurtzi, 1980) idazleak 'Microfísica sexista del poder' liburua aurkeztuko du azaroaren 21ean, Berrizko Kultur Etxe zaharrean, 19:30ean. Gainera, liburuan kontatzen den Alcasserreko hiru nesken hilketen kasuaz berbaldia eskainiko du santurtziarrak.

Hilaren 21ean 'Microfísica sexista del poder' liburua aurkeztuko duzu. Zertan datza?
Liburuaren izenburua Michel Foucaulten boterearen mikrofisika kontzeptutik dator. Botere lauso bati egiten dio erreferentzia, botere zehaztugabea denari. Ez dakigu nork daukan, baina pertsona guztiok daukagu. Kontzeptu interesgarria iruditu zitzaidan izu sexuala azaltzeko eta, horren bidez, Alcasserreko krimen sexualaren inguruan idaztea pentsatu nuen. Kasu hori ikuspuntu feminista batetik azaltzen dut nire lanean.

Zergatik idatzi duzu Alcasserreko kasuaz?
Izu sexualari buruz jaso dudan lehenengo kontakizuna izan delako. Ni Alcasserreko kasuaren garaikoa naiz, eta kasu honek emakume izateagatik gertatu ahal zitzaidanagaz harremanetan jarri ninduen. Gainera, hilketa hirukoitz honen kasua aztertu dudanean, konturatu naiz 90eko hamarkadan Alcasserreko hilketak mugarria izan zirela ikara sexuala gizartean zabaltzeko.

Zure lanagaz zer plazaratu gura izan duzu?
Teoria kritiko feminista batetik Alcasserreko kasuari deitura aldatzea gura izan diot eta testuinguru eta marko ideologiko patriarkal eta matxista batean kokatu gura izan dut. Alcasserreko kasua hilketa matxista bat izan zela plazaratzea da nire asmoa, ez kondaira bat edo salbuespeneko kronika ilun bat. Ez zen salbuespen bat izan. Alcasserrekoa gertatu egiten da. Alcasser sistema da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!