"Gazteak ez dira berriak, baina benetan gogor jo dute aurtengo Bizkaiko Bertso Txapelketako atea"

Aritz Maldonado 2018ko aza. 17a, 10:30
Miren Amuriza aurreko Bizkaiko Txapelketan.

Asteburuan abiatuko da Bizkaiko Bertso Txapelketako finalaurrekoen fasea. Lehenbizikoa Berrizen izango da, domekan. Etxean ekingo dio txapelketari, beraz, Miren Amuriza berriztarrak. Orain urte biko txapelketako finalista izateagatik, aurtengoan zuzenean sailkatu da finalaurrekoetara. Beragaz batera Aitor Bizkarrak abestuko du. Plentziako saioa irabazita lortu du sailkapena abadiñarrak

Bizkarraz eta Amurizaz gainera, Imanol Uriak, Julen Erezumak, Unai Mendiburuk eta Xabat Galletebeitiak abestuko dute. Saioa 17:00etan izango da, Berrizko pilotalekuan. Begoñe Olabarria arituko da gai jartzaile lanetan.

"Hurbildu ahala, estutzen"
Gogotsu dago Miren Amuriza domekako saiora begira, lehiatzen hasteko gogoz. "Orain artean lasai egon naiz, baina data hurbildu ahala estutzen hasi naiz", adierazi du. "Hori ona dela uste dut, gainera, niretzat garrantzitsua den seinale". Finalera heltzea helburu duen arren, lasaiago ere badagoela onartu du berriztarrak. "Finalera heltzeko borrokatuko naiz, baina bestelako lehentasun batzuk ere izan ditut aurten", gaineratu du.

Txapelketako saio batzuk ikusi ostean, bertsolari berriztarrak argi du belaunaldi gazteagoen unea dela. "Ez dira berriak, baina oraingo honetan gogor jo dute atea gazteek", esan du. Beragaz batera finalaurrekoan abestuko duten Bizkarra eta Mendiburu nabarmendu ditu Amurizak. Maila emango dutela uste du berriztarrak, eta hainbatek euren lekua egingo dutela finalean. "Orain artean, sarri tokatu zait entzutea belaunaldi berrien kontua, baina oraingo honetan beste aldetik entzutea tokatzen zait, eta horrek zer pentsatua ematen du".

Durangaldeko bost
Eskualdeko bost bertsolarik abestuko dute Bizkaiko Bertso Txapelketako finalaurrekoetan. Amuriza bezala, 2016ko txapelketako finalera heltzeagatik egongo da Beñat Ugartetxea Igorreko finalaurrekoan. Eneko Abasolo 'Abarkas'-egaz batera abestuko du; Santurtziko saioan 460 puntu poltsikoratuta lortu zuen txartela iurretarrak. Txaber Altube abadiñarrak Zornotzako saioa irabazita lortu zuen sailkapena. Abenduaren 1eko finalaurrekoan egongo da, Lekeition.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!