Berrizko ziklo-krosak 200 parte hartzaile batuko ditu domekan

Joseba Derteano 2018ko urr. 30a, 16:22
Miguel Angel Aguado kirol zinegotzia, Iñaki Etxezarraga Berriz Bizikletari Elkarteko kidea eta Orland Isoird Berrizko alkatea gaurko aurkezpenean.

Maila handiko txirrindulariak espero dituzte.

Berrizko Ziklo-Kros Sari Nagusiaren 9. ekitaldia egingo dute domekan, Berrizburu inguruko zirkuituan. Maila guztiak kontuan hartuta 200 bat parte hartzaile espero dituzte. Asteburu honetan ez dagoenez nazioarteko proba garrantzitsurik, maila handiko ziklistak espero dituzte, hala nola, Aitor Hernandez eta Javier Ruiz de Larrinaga gizonetan, eta, Lierni Lekuona eta Olatz Odriozola, emakumeetan. Xabier Murias gaztea izango da probako interesguneetako bat. Urte hasieran, 18 urte zituela, Espainiako txapelketan debutatu eta brontzezko domina irabazi zuen 23 urtez azpiko mailan. Ondoren, denboraldian zehar ere onenen parean ibili zitekeela erakutsi zuen.

Zirkuituari dagokionez, azken urte bietako ibilbideari eutsiko diote. Ibilbide “gogorra” da Iñaki Etxezarraga Berriz Bizikletari Elkarteko kidearen esanetan, baina ez du ematen euririk egingo duenik eta horrek txirrindularien lana erraztuko du.

Lehenengo lasterketa, master mailakoa, 10:00etan hasiko da. 11:00etan eta 12:00etan kadeteen eta gazteen txanda izango, hurrenez hurren. Junior, 23 urtez azpiko eta emakumeen probaren ostean, gizonezkoena hasiko da, 13:00etan.

“Erreferente” bihurtu den ingurua

Udalaren laguntzarekin, Berriz Bizikletari Elkarteak antolatuko du lasterketa. 2011ean proba berreskuratu zutenetik, urteroko hitzordu bihurtu dute. Hiru bider Bizkaiko txapelketa hartu du eta behin —orain urte bi— Euskadikoa. Gaurko aurkezpen ekitaldian, beste lorpen bat ere nabarmendu gura izan du Etxezarragak. “Berrizburu ingurua atondu zutenetik eta ziklo krosa antolatzen hasi ginenetik, Iñaki Lejarreta zirkuitua eta belodromoa ere han daudela kontuan hartuta, inguruko gazte asko bertaratzen da bertara bizikletan ibiltzera edo entrenatzera eta arlo horretan erreferente bihurtu da”. Ildo horretatik, ziklo-kros proba antolatzearen helburuetako bat “inguruko gazteei lehiatzeko aukera eskaintzea” dela adierazi du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!