Marie de Jongh konpainia haur eta gazteentzako atalean saritu dute Espainiako Arte Eszenikoen sarietan.Izar obra aurkeztera datoz barikuan. Izar da protagonista, sei urteko neskatila. Pianista handia bihurtzeko bidean dago gaztea, baina gurasoek ezarritako diziplina zorrotzaren ondorioz, labirinto emozional batean murgilduko da.
Konpainiaren gainontzeko obrak bezala, Jokin Oregik sorturiko eta zuzendurikoa da Izar. Urteotan konpainiak garatu duen “nortasun propioa” izan da epaimahaikideek saria emateko arrazoi nagusia. “Balio artistiko eta tekniko eztabaida ezineko muntatzeak sortu dituzte”, adierazi zuten epaimahaikideek.
Hamar urteko ibilbidea du Marie de Jongh konpainiak, eta hainbat sari jaso ditu hamarkada honetan. Izar ikuskizunak, adibidez, Feten 2018 espazio eszenikorik onenaren saria jaso du. Horrez gainera, Avignon Off jaialdiko Tournesol saria jaso zuen 2015ean, eta iaz, Espainiako Max saria.