"Estilo ezberdinetako energia kapsula batean sartu dut; hori entzutean eragiten duen eztanda da 'Supernova'

Aritz Maldonado 2018ko urr. 1a, 10:00
Argazkia: Gaizka Peñafiel

Bizitza erdi musikari lotuta egon ostean, amestutako diskoa kaleratu gura izan du Iñaki Etxezarraga Etxek. Esperientzietatik bildutako energia guztien batura da 'Supernova'.

Zer da 'Supernova'?
Azken urte bietan egon naiz lan hau konposatzen. Orain arte beti amestu dudan diskoa egin gura nuen eta energia handia eskaini diot diskoari. Estilo ezberdinetako energia kapsula batean sartu, eta diskoa entzuterakoan kapsula horrek eztanda egiten du. Hortik dator kontzeptua. Barneko tentsio bat askatu gura nuen. Estilo ezberdina izan arren, abestiek oso ondo enkajatzen dutela uste dut, gainera.

TAOMeko Jagoba Ormaetxeagaz egin duzu lan. Argi zenuen beragaz lan egin gura zenuela?
Aurretik ezagutzen nuen Jagoba, baina ekoizle bategaz lan egin dudan lehenbiziko aldia da hau. Urte asko daramatza beharrean, eta, besteak beste, estatuko Bustamante eta Bisbal artistekin lan egindakoa da. Lehenbizi neuk grabatu nituen maketak. Nik baxua, bateria gitarrak eta ahotsa sartuta, eta berak moldatu ostean, bere estudiora sartu ginen, grabatzeko asmoz.

'Arma, Tiro, Pum!' euskal rockari gorazarrea da?
Kantu hau sortu nuenean, formatu akustikoan, publiko helduago batentzat nenbilen, eta gogoeta moduko bat egin nuen. Azken urteetan, euskal musikaren inguruko mugimendua galdu egin dela uste dut, eta hori nabaria da kontzertuetan. Egunerokotasunean euskal taldeak ez dira asko nabarmentzen, komunikabide handietan ez dago tokirik beraientzat, eta tabernetan ez dago joera euskal musika jartzeko. Talde batzuek ondo funtzionatzen dute, baina horrek ez du talde txikientzat balio. Euskal rockari buruzko mezu bat zabaldu gura nien gazteei. Euskaraz abesten duten taldeak omendu gura nituen, ni musikaria banaiz, eurei esker delako. Estilo guztietako musika entzun izan dut beti, baina gaur egungo gazteek ez dituzte hainbeste euskal talde ezagutzen. Su Ta Gar eta Berri Txarrak gaur egun zer diren ulertzeko, Niko Etxart edo Zarama nortzuk ziren jakin behar da. Azkenean, nor garen jakiteko, nondik gatozen jakin behar dugu, eta hori gakoa izan da luzaroan euskal kulturan. Egun, talde interesgarri asko daude, estilo ezberdinetara euskara eramaten ari direnak. Glaukoma edo Anita Parker, esate abaterako. Euskarazko musika kontsumitu behar da, eta talde berri horiek estilo berriak egitera arriskatzen ari dira.

Nekatu egin zarela ere abesten duzu. Horrela da?
Hasiberritan helburu batzuk jartzen dizkiozu zeure buruari. Nik kolpe asko jaso ditut; oraingo honetan, baina, inongo presiorik barik egin dut lan, guztia neure erara egin dut. Autoekoizpenaren bideagaz jarraitu dut, eta ez dut proiektua modu estandarizatuan eraman gura izan. Ez da egongo aurkezpen birarik, adibidez. Aurkezpen kontzertu berezi bat izango da. Energia guztia kontzertu horretara bideratu gura izan dugu. Aurrerago kontzertu gehiago joko ditugu, noski, baina hau berezia izatea gura genuen.

Rosario Floresen 'Qué Bonito' euskaratu duzu. Nolatan?
Bere istorioa du. Nik denetariko musika entzun dut beti. Besteak beste, Serrat, Sabina, Madonna eta Manowar ikusi ditut zuzenean. Niretzat artista oso berezia izan da Rosario, eta nire anaiari ere asko gustatzen zitzaion; erosi nion azken diskoa Rosariorena izan zen, Bilbon ikusi genuenean. Orduan, anaia galdu nuenean, konexio moduko bat igarri nuen. Gitarra jotzen hasi, eta abestiak euskaraz metrika berdina zuela ikusi nuen. Letra itzuli, Jagobari erakutsi, eta harrituta geratu zen. Zenbait aldaketa egin genizkion gero. Hori bai, baimena lortzea odisea bat izan zen. Portugaleten Rosariogaz elkartzeko aukera izan genuen, eta abestiari eta bion anaiei buruz egin genuen berba. Kantua berezia da, eta berezitasun bat gehiago da diskorako.

Platerueneko aurkezpena berezia izango da.
Alde batetik, The Van berriztarrekin arituko gara, oso interesgarriak iruditu zaizkit eta. Gaztetatik dabiltza honetan, eta duten estiloa oso berezia iruditu zait. Publiko guztientzat da atsegina, gainera. Bestalde, kontzertuaren ordua aurreratu egin dugu, eta publikoak eskertuko duela uste dugu. Supernova osorik joko dugu, eta disko guztietako kantuak ere joko ditugu.
Iban Gurrutxaga, Xabier Barrenetxea eta Iban Larreboure izango ditut alboan. Boston Jai eta Trikizio taldeetan ere aritu naiz beraiekin, dozenaka kontzertu jo ditugu elkarrekin eta feeling ona dugu. Hasierako ilusioa berreskuratu dut beraiekin, beste ikuspuntu bategaz: musika eginez gozatzea eta uneko adrenalina askatzea bilatzen dut orain. Errepertorio polita egongo da, eta soinu eta argi teknikariekin ere zerbait polita irtengo da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!