Gariren kontzertuagaz emango diote hasiera Berrizen Kultur Etxeko udazkeneko egitarauari

Aritz Maldonado 2018ko ira. 28a, 14:00
Iker Basterretxea

Gari musikari ezagunak kontzertua eskainiko du bihar, zapatua, Mikel Deunaren baselizan, 20:00etan; musika, dantza eta antzerkia kontuan hartuta, hamabost ekitalditik gora eskainiko dituzte Berrizko Kultur Etxean irailetik abendura

Iraileko kale antzerki emanaldien ostean, musikagaz jarraituko du Berrizko Kultur Etxearen eskaintza oparoak. Horrela, Gari musikari ezagunak kontzertua eskainiko du bihar, zapatua, Mikel Deunaren baselizan. Baxenabarreko Bilau laukote folkzaleak emanaldia eskainiko du urriaren 6ean. Honen kasuan, San Fausto baselizan izango da emanaldia. Hortik aurrerako jarduerak Kultur Etxean izango dira. Abendura arte, ia astero egongo da antzerki eskaintza. Besteak beste, Marie de Jonghen Izar, Cronopiaren Node Akziona, Histrion Teatroren Lorca La Correspondencia Personal, eta Benetan Beren Inondik Inora lanak ikusteko aukera egongo da. Horrez gainera, Ander Lipusek zuzenduriko Zazpi Senideko antzezlana eskainiko dute urriaren 27an. Berriztarra pozik agertu da obra berria jaioterrian eskaintzeko aukeragaz. Bestalde, Logele elorriarrek Nagare obra eskainiko dute abenduaren 5ean. Dantza ikuskizun hau Zaragozako Circle of Trust konpainiagaz egindako laugarren elkarlana da.

Nieves Mendez berriztarra
Mendez berriztarra bakarrizketa formatuko antzezlan bategaz ausartu da. Emakume batek jasaten duen indarkeriari buruzko istorioa kontatuko du. Azaroaren 22an izango da emanaldi hau.

Dantza ikuskizun berezia ikusteko aukera ere egongo da. Jordi Vilasecak eta Aritz Lopezek zuzenduriko Baserria ikuskizuna abenduan ikusi ahalko da. Breakdance eta dantza garaikidea uztartzen ditu ikuskizun honek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!