Lehenengo migratzaileak hartzen hasi dira Berrizko zentroan

Maialen Zuazubiskar 2018ko ira. 24a, 13:16

Dagoeneko hainbat etorkin igaro dira Berrizen dagoen Olakueta aterpetxetik. 25 lagunentzako tokia dago Berrizko zentroan.

Adin txikikoen kargu dauden emakumeak, bakarrik dauden emakumeak eta gaixorik daudenak hartzeko Berrizen egoitza zabalduko zutela jakitera eman zuen Eusko Jaurlaritzak irail hasieran. Jaurlaritzako iturriek jakitera eman dutenez, hile erdiaz geroztik zabalik dago Olakueta aterpetxea eta dagoeneko hainbat pertsona igaro dira bertatik.

Jaurlaritzak eta EDE Fundazioak kudeatzen duten zentroan, etorkinek hamabost egunez hartu ahal dute atseden. Orain arte, Jaurlaritzak erkidegoko hiriburuetan eta Irunen etorkinei aterpea emateko zerbitzuak izan ditu, baina bertan gehienez hiru egunez egon ahal izaten dute. Jaurlaritzak jakitera eman dutenez, emakume eta gaixoen beharrak ikusita egonaldi luzeagoako zentroa irekitzea erabaki dute. 

Horrez gain, Berrizko Olakueta aterpetxearen berri EDE Fundazioaren bidez izan zutela, eta hau etorkinei erosotasuna eta lasaitasuna bermatzeko aproposa iruditu zitzaiela adierazi dute Jaurlaritzako iturriek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!