Bizkaiak Berrizen defendatuko du Bote Luzea txapelketako txapela, Amantegi eta Arabiourrutia talde titularrean daudela

Joseba Derteano 2018ko ira. 6a, 16:30

Euskal Herriko Bote Luzeko Txapelketa hasiko da asteburu honetan. Bizkaiko, Gipuzkoako, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko zortzi taldek parte hartuko dute eta Bizkaiko taldeak, iazko moduan, Berrizen jokatuko ditu bere partidu guztiak.

Lehenengoa zapatu honetan izango da, 18:30ean, Berrizburuko frontoi irekian. Gipuzkoako talde bat izango du aurkari. Iragarpenen arabera, ez du euririk egingo eta hori albiste ona da. Iaz, euriaren ondorioz, ordubete inguru geratu behar izan zuten partidu bat. Atertu zuenean jarraitu zuten berriro.  Baina aurten ematen du lehen jardunaldian ez dela etenik egongo, iragarpena goizetik gauera aldatzen ez bada.

Bigarren jardunaldia irailaren 22an izango da, 18:30ean, eta Itsasu herriko taldeak —Lapurdi, Ipar Euskal Herria— bisitatuko du Berriz. Egun horretan, emakumeen MPB paleta goma zirkuituko jardunaldi bati dagozkion partiduak ere jokatuko dira.

Arabiourrutia eta Amantegi
Bizkaiko taldean iazko boskote titularretik bat falta da aurten: Ander Antxiak ezin du jokatu, eskuko minagatik. Haren tokia beste abadiñar batek hartuko du, Aitor Arabiourrutiak. Arabiourrutia eta bere herrikide den Egoitz Amantegigaz batera, Lur eta Ekhi Ziarrustak eta Inhar Ugartek osatuko dute taldea.

Bote Luzea, munduan
Bote Luzea euskal pilotaren jokamolde antzinakoena da. Bost pilotariko talde bik kantxaren alde banatan aurrez aurre daudela jokatzen dute, tenisean antzera. Hemen Bote Luzea izena duen modalitatea LLargues izenagaz da ezaguna nazioartean eta, besteal beste. Belgikan, Kolonbian eta Herbehereetan jokatzen dute.
Euskal selekzioak Kolonbian jokatutako munduko txapelketan eta Herbehereetan jokatutako Europakoan —azken hori joan den abuztuan—parte hartu du. Beraz, bote luzea modalitatea askok uste dutena baino hedatuago dago.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!