Berrizko Udalak kereila jarri du frankismoaren inpunitatea plazaratzeko

Maialen Zuazubiskar 2018ko ira. 6a, 13:45
Ezkerretik hasita, Eneritz Gorrotxategi, Josu Ibargutxi, Orland Isoird, Maite Arrizabalaga eta Carmen Marco.

Maria Servini epaileari bidali dio kereila, Argentinara, egia, justizia eta erraparazioa lortzeko bidean. 

2016ko irailean, Maria Servini epaileak martxan jarritako auzibidea babestu zuen Berrizko Udalak. 1936an kolpistek egindako hilketen aurrean, frankismoaren kontrako kereila prestatzeari ekin zion Servini epaile argentinarrak egia, justizia eta erreparazioa lortzeko bidean.

Gaur, urte bi geroago, Berrizko Udalak kereila Argentinara bidali du Berriz 1936 elkarteak eta Frankismoaren krimenen elkarteko Josu Ibargutxik egindako lanari esker. "Hurrengo belaunaldiei egia argi eta garbi uzteko lanean gabiltza, eta Berrizek eman duen pausoa oso garrantzitsua da", adierazi du Josu Ibargutxik prentsaurrekoan. Orland Isoird alkateak, berriz, eskerrak eman dizkie kereila jartzeko lanean ibili diren guztiei eta, bereziki, frankismoko biktimen familia eta elkarteei.

Orain 81 urte indar frankistek hainbat berriztar hil zituzten. Beraien artean, momentu hartan Berrizko alkate zen Felipe Urtiaga,  eta Jose Agirre eta Gregorio Urkijo. Horrez gain, Maite Arrizabalaga Berriz 1936 elkarteko kideak jakitera eman duenez, frankismoak 80 biktima (errefuxiatu, kartzelaratu...) inguru utzi zituen herrian.

Azken urteetan, Berriz 1936 elkarteko kideak biktimen senitartekoen testigantzak jasotzen ibili dira, kereilak bere bidea egin dezan. "Honi esker, biktimen sufrimendua ez da galduta geldituko eta ez ditugu inoiz ahaztuko", jarraitu du Arrizabalagak.

Irailaren 11, gomuta eguna
Azken urteetan lez, frankismoa sufritu zuten lagunak oroituko dituzte Berrizen irailaren 11n. Horrez gain, aurten, modu anonimoan errepresioaren kontra borrokatu ziren eta euren ideia eta familiak defendatu zituzten emakumeak ere omenduko dituzte. Omenaldia 18:00etan izango Felipe Urtiaga enparantzan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!