Berrizko Udala Argentinako kereilara batu da justizia eske

Anboto 2016ko ira. 16a, 11:40

Berriz 1936 Gogoratzen Kultur Elkarteak mozioa udalean aurkeztu ondoren, eguaztenean egindako osoko bilkuran, aho batez onartu zuten Berriz Argentinako kereilara batzea.

Duela 79 urte indar frankistek hainbat herritar hil zituzten. Beraien artean, momentu hartan Berrizko alkate zen Felipe Urtiaga eta Jose Agirre herritarra fusilatu zituzten, eta Gregorio Urkijo, Fermin Aranguren eta Agustin Milikua ere hil zituzten.

1936an milaka herritar hil zituzten, fusilatuta asko. Kolpistek egindako hilketen aurrean, egia, justizia eta erreparazioa lortze bidean Maria Servini epaile argentinarrak, gizateriaren kontrako krimenen preskripzio eza oinarri hartuta, frankismoaren kontrako kereila prestatzeari ekin zion.

Kereilagaz bat
Azken hilabeteetan, hainbat erakundek babesa eman diote Argentinako epaileari, eta Berriz 1936 Gogoratzen elkartearen eskakizunez, Berrizko Udalak ere Argentinako kereilagaz bat egitea onartu du.

Beraz, hemendik aurrera, Servini epaileak martxan jarritako auzibidea babestuko du Berrizko Udalak.

Gainera, Berriz 1936 Gogoratzen Kultur Elkarteak gomendatuta, hemendik aurrera, herrian fusilatuak eta errepresaliatuak izan ziren herritarren ordezkari lez udala bera ere auzi-jartzaile izatera pasatuko da.

Bestalde, salaketan parte hartu gura duten herritarrei behar dituzten baliabideak eta laguntzak emango dizkietela onartu zuten udalbatzako kideek. Eta, horrez gain “egia ezagutzera emateko lanean dabiltzanei” ere laguntza ematen jarraitu zutela adierazi zuten.

Horretaz guztiaz aparte, urtero bezala, biktimen oroimenerako omenaldiak antolatzen jarraituko dutela jakinarazi zuten. Berriz 1936 Gogoratzen Kultur Elkarteak aurkeztu eta udalean onartu duten oharrean diotenez, giza eskubideen defentsan lanean jarraituko dute, orain arte bezala.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!