Erkidegoko hiriburuetan eta Irunen etorkinei aterpea emateko zerbitzuak ditu Jaurlaritzak, baina gehienez hiru egunez egon ahal izaten dute bertan. Berrizen, ostera, hamabost edo hogei egunez hartu ahalko dute babes. "Hainbat egoera antzematen ari dira eta, hori dela eta, eta, batik bat, kolektibo ahulenei arreta bereziagoa emateko beharra aintzat hartuta, Eusko Jaurlaritzak, laster, larrialdietako baliabideetan eskaintzen den egonaldia baino egonaldi luzeagoko baliabidea jarriko du abian", esan du Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordeak. Gainera, bizi duten egoerari aurre egiteko baliabide gehiago edukiko dituzte Berrizen, ostatuaz, elikaduraz eta arropaz aparte.
Momentuz, erkidegoan aldi baterako etorkinentzako 213 plaza daude. Horietako gehienek, egun batzuk bertan egin eta Europan gora bidaian jarraitzeko asmoa izaten dute. Etorkinen harrera bideratzeko mahai bat eratuta dute instituzioek Gurutze Gorrik, Harresiak Apurtuz, Caritas, CEAR eta SOS Racismo erakundeekin.
Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak baliabide gehiago jartzeko aldarria egin die instituzioei; Bilbon hainbat auzotar etorkinei laguntzeko antolatu dira, eta egoera ikustarazteko gosari solidarioa egin zuten atzo, adibidez.