"Libreak izan gara eta leku zoragarrietan esnatu gara eguna zabaltzean"

Aitziber Basauri 2018ko uzt. 15a, 13:00

Iaz, abuztuan, hasi zuen abentura hau Emilie Janesek (Ingalaterra, 1988) Latinoamerikan, Perun, eta hiru hilabetera batu zitzaion Raul Hernandez Petrel (Berriz, 1987), Bolivian. Berriztarrarentzat lehen bidaia da hau. Emilie bikotekidea bidaiari petoa da; 19 urtegaz egin zuen lehenengo bidaia. Orain, Parisen (Frantzia) dago Emilie, yoga zentro batean; Raul, berriz, Kolonbian, boluntariotza bat egiten.

Nola hasi zenuten abentura hau?
Emilie Jane Mayes: 2017ko abuztuan hasi nuen bidaia nik. Perun ibili nintzen hiru hilabetean, motxilagaz. Urri amaieran Raul heldu zen, La Paz-era (Bolivia). Beti gustatu zait bidaiatzea eta Latinoamerikara joatea nuen amets. Joan aurretik gaztelania ikastea erabaki nuen eta Brightonetik (Ingalaterra) Durangora etorri nintzen. Raul ezagutu ostean, bidaia honetaz ari ginela, bizikletan bidaiatzeari buruz galdetu zidan. Ideia ona iruditu zitzaidan.
Raul Pretel: Beti gura izan dut bidaia bat egin, baina ez nuen unea topatzen. Emilie ezagutu nuenean, aukera ezin hobea ikusi nuen monotoniatik irten eta aukera berriak esploratzeko.

Emilie, bidaiari petoa zara. Raul, berriz, hasiberria...
E.M.: Bidaiaria naiz, bihotzez eta espirituz. 19 urtegaz hasi nintzen bidaiatzen! Vanuatu irletara egin nuen lehen bidaia; sei hile egin nituen han. Thailandian eta Zeelanda Berrian egon naiz, eta Himalayan hainbat tenplu budista eta hinduista bisitatu ditut. Bi urtez Australian bizi izan nintzen, eta Indian ere egon naiz.
R.P.: Hasiberria naiz ni, baina, bai, mendekotasuna sortzen du.

Bizikleta garraiobide ona da?
E.M.: Bai. Gogorra da batzuetan, baina askatasun handia ematen du. Ekonomikoa, osasuntsua eta ingurumenarentzat oso ona da. Gainera, bertakoak, kultura... ezagutzeko era ona da. Esan nezake gehiago integratzen zarela.
R.P.: Bidaiatzeko era erromantikoa da, baina aurretik ez bada inoiz egin, ez dago imajinatzerik zein gogorra izan daitekeen. Batez ere, goi-lautadan hasita, 4.000 metrora. Bizikleta maitatzera eta gorrotatzera heltzen zara. Asmatu egin genuen, bestela ezagutu ezingo genituzkeen hainbat leku ezagutu ditugulako. Libreak izan gara, kanpin-dendan egin izan dugu lo eta leku zoragarrietan esnatu gara eguna zabaltzean.

Argazkilaria izanik, Raul, kamera eramango zenuen. Bidaiako uneko irudia harrapatzea ala bizitzea da hobe?
R.P.: Dudarik barik, unea bizitzea. Lagun batek esan zidan lez: bizitako uneak azalean grabatuta geratzen dira. Argazkilariarentzat kamera ezinbestekoa da eta bidaiak nire proiektuagaz jarraitzeko asko balio izan dit.

Zein ekarpen egin dizue bidaiak?
E.M.: Gure arteko harremana eta konfiantza indartu du eta elkarregaz hazteko balio izan digu; errespetuz eta askatasunez ikasteko ere bai.
R.P.: Lagunak, batez ere. Errespetuz jokatzen eta aurreiritzi eta egoak apurtzen lagundu dit. Unea bizitzen eta norberak uste duena baino gutxiagogaz bizitzen ikasten ere bai.

Abuztuan San Franciscora (AEB) joango zara, Raul.
R.P.: Bai. San Francisco Yellow Bike  proiektuan lan egitera. Bizikleta garraio lez sustatzen lan egiten dute eta bizikletak birziklatzen. AEBetan hile bi egin gura ditut. San Franciscotik Seatttlera joan gura nuke.

Errepikatuko duzue?
E.M.: Bai. Motorrean Europatik Asiako hego-mendebaldera joan gura dugu, mundua hobetzeko gure aletxoa jartzeko. Mundua esploratzeko eta gozatzeko da.
R.P.: Bai! Ihes egiten utzi ezin zaion esperientzia izugarria da. Bidaia asko amesten ditugu. Hurrengo abentura? Bi erruberaren gainean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!