“Hamasei urteotan lan asko egin dut, eta ikusi dut heldu gura nuen horretara hurbiltzen ari naizela pixkanaka”

Aritz Maldonado 2018ko uzt. 6a, 20:00
Andrea Silván

Hamahiru urtegaz hasi zen bateria jotzen Ekain Elorza berriztarra (1983). Ibilbide profesionala egiteko asmoz, Madrilera jo zuen, eta ordutik hamasei urte igaro ditu partxeak astintzen. 2012an Morgan taldea jaio zen, eta 2015ean 'North' diskoa kaleratu zutenetik, gelditu barik egon da boskotea. Aurten, 'Air' lana kaleratu dute. Inurri lanari esker, BBK Live, Mad Cool eta Jazzaldia jaialdietan egongo dira uda honetan. O Son Do Camiño jaialdira bidean egin ahal izan zuen ANBOTOk berba Elorzagaz. Zapatuan Elorrion egongo dira, Musikairen.

Presio handia igarri duzue 'Air' hau grabatzeko?
Egia esateko, ez. North grabatzerakoan erabili genuen filosofiari berari jarraitu diogu. Pixkanaka kantuak lantzen hasi ginen, zer bilatzen genuen jakin barik. Egia esan, aurrekoan baino denbora gutxiago eduki dugu, bira amaieran hasi ginelako abestiak lantzen. Uztailean hiruzpalau egunez estudio batean egon ginen konposatzen. Gero, bi astez estudioan egon ginen kantuak maketatzen, eta bira amaitu eta gero estudiora sartu ginen abestiak amaitu eta grabatzera. Jose Nortesen La Cabañan grabatu dugu berriro, aurreko grabaketan oso gustura egon ginelako beragaz. Ezberdina da bigarren disko bat ateratzea, batez ere ikusmina badago, baina, egia esateko, nahiko lasai egon gara.

Espero zenuten 'North' diskoak horrelako harrera edukitzea?
Ez genuen espero, sorpresa izan zen guretzat. Madrilen kontzertu batzuk egin genituen diskoa grabatu aurretik, baina ez genekien zer gertatuko zen hortik aurrera. Ez geneukan promoziorik, ez managerrik, ez birarik, ez ezer. Sol aretoan jo genuen lehenbiziko kontzertuan bete egin genuen, eta hortik areto handiago batera jauzi egitea pentsatu genuen; hiru hilabetera-edo egin genuen hori, eta ordurako laguna zen manager bategaz jarri ginen harremanetan. Nina Quique Gonzalezegaz zegoen biran, eta horrek ere laguntzen du. Pixkanaka joan gara, inolako planik egin barik, eta begira!

2016tik ez zarete geratu ere egin.
Bai, horrela da. Air lantzerako orduan, baina, lasaitasuna eduki dugu. Aurreko diskoa Nina, Paco eta nire artean egin genuen; honetarako, Ovejero eta Schulthess taldera sartu direla igarri dugu. Izan ere, elkarregaz 80 kontzertu egin ditugu biran, eta diskoa horren ostean landu dugunez, nahiko erraza izan da guztia. Beharbada urtebeteko atsedenaldia hartu bagenu urduriago egongo ginen, baina ez da horrela izan.

Zelako harrera izan dute abesti berriek kontzertuetan?
Hainbat kantu berri sartu ditugu errepertorioan, baina ez dago jauzi handirik, ondo enkajatzen dute. Oso ondo hartu dituzte. Gero eta jende gehiago dator kontzertuetara, eta gero eta areto handiagoetan jotzen ari gara. Udan gelditu barik ibiliko gara, urte bukaerara arte kontzertu pila ditugu eta hasi gara batzuk lotzen datorren urterako ere. Itxura oso ona du guztiak. Ez dakit kanpotik nola ikusiko den guztia, baina guretzat pixkanaka joan da guztia, lan asko eginda, oso progresiboa izan da guztia.

Argazkia: Andrea Silván

Ezagutzera emateko, lehengo bideari jarraitzen diozue zuek, kontzertuak eskaintzen eta ahoz ahokoagaz. Galtzen ari da hori?
Bai, eskola zaharrekoak gara gu. Ondo ikusten dugu promozioa egitea, gu ere gehiago egiten ari gara orain, baina oholtza gainean erakusten du talde batek balio duen ala ez. Lehenengo lanagaz oso promozio gutxi egin genuen, baina kontzertu asko jo genituen, eta horrela lortu dugu lekutxo bat egitea. Urte amaieran Extremadurara goaz, toki txiki batean jotzera. Betetzen bada, ondo, eta bestela, berriz itzuli beharko dugu. Madrilen leku handietan jotzen dugu, baina Malagara joaten bagara eta toki txikiagoa bada ere, ondo. Momentu oso polita bizitzen ari gara eta asko disfrutatzen ari gara. Kontzertuetara etorri ohi denak errepikatu egiten du, eta lagunak ekartzen ditu, gainera. Eta horrela aitortu izan digute zaleek; kontzertuen ostean diskoak saltzen jartzen gara merchandise gunean, eta zale asko etorri zaizkigu  hori esatera eta diskoak erostera. Promozioa egitea ondo dago, baina oholtzan ez baduzu zure lana ondo egiten, ez du ezertarako balio.

Berezia egiten zaizu Durangaldean  jotzen duzunean?
Bai, noski. Niri sekulako ilusioa egiten dit, azken finean hamasei urte daramatzat Madrilen. Lagunak eta familiakoak ia beti datoz, baina Madrilen sorturiko talde bategaz etorri, eta adibidez Plateruenean ia  400 lagun biltzea itzela da niretzat. Elorrion askotan jo izan dut, eta beti oso gustura, gainera; gaztexean, txosnetan... toki askotan jo izan dut bertan. Orokorrean, bostoi asko gustatzen zaigu Euskal Herrian jotzea, ilusio berezia egiten digu. Hile amaieran Jazzaldian ere joko dugu, eta oso gogotsu gaude kontzertu horretarako.

Musikagintzako ibilbide profesionala iraupen lasterketa gisa definitu izan duzu beti. Gakoa eusten jakitea ei da.
Hamasei urte hauek oso garai polita izan dira. Ez dut kexarik. Lan asko egin dut, ordu pila eman ditut lokalean sartuta entseatzen, furgonetan sartuta alde batetik bestera eta diskoak grabatzen edo taldeekin jotzen. Beti lanean egon naiz, eta beti hobetzen saiatzen, eta konturatu barik pasatu zaizkit urte hauek. Hamasei urte hauetan egindakoaz hausnartzen hasi naiz, lortu dudan guztiaz, izan ere, pixkanaka, gura nuen hori lortzen ari naizela ikusten ari naiz. Hemendik aurrera bizitza nola planteatu ere pentsatzen ari naiz. Gustura nago Madrilen, eta ondo doa guztia. Egia da, baita ere, azkenaldian gehiagotan joan naizela Euskal Herrira, familia ikustera. Aurrerantzean ez dakit zer egingo dudan, baina Morgan zein Dinero estatus nahiko onean daude orain, eta horri esker beste modu batera jokatu ahal dut.

Hamaika proiektu dituzu esku artean.
Morgan eta Dinero dira nire proiektu nagusiak; iaz, adibidez, nahiko zaila izan zen, baina aurten guztiok dugu lehentasun moduan Morgan, eta horrek erraztu egiten du guztia. Horrez gainera, Sei Urtegaz diskoak grabatzen ditut. Agendak uzten didanean, Cobragaz jotzen saiatzen naiz. Aparte, disko berri bat grabatu dut Gabi Planasegaz; aurkezpen kontzertua irailean joko dugu, baina ez dakit nola moldatuko garen kontzertu gehiago eskaintzeko. Saltogaz ere jotzen ibili naiz, baina orain biran daude, eta nik ezin dut beraiekin jo. Azkenik, Cuerno taldeagaz urte amaiera aldera kaleratuko dugu diskoa; Alain Martinez Dineroko baxu-jotzailearen proiektu berria da. Santi Garciagaz grabatu dugu, Ultramarinos estudioetan.

Doinu ezberdin ugari jorratzen dituzu talde horietan. Zu zein estilogaz zaude erosoen?
Txikitan rock gogorra jotzen ikasi nuen. Dut asko entzuten nuen, Su Ta Gar, Metallica, Soundgarden, Nirvana, Rage Against The Machine... Talde horien diskoak jarri, eta gainetik jotzen nuen. Ordu pila eman nituen hori egiten. Orduan, Cobra eta Dinerogaz jotzen dudanean, gaztetan ikasi nuen hori guztia erakusten dut. Gero, Madrilera etorri nintzen eta estilo ezberdinak ikasi ditut bertan; beste teknika batzuk garatu ditut eta musika asko entzun dut. Morganegaz jotzen dudanean, gero ikasi dudan hori guztia ateratzen dut, Ekainen bertsio helduago bat.

Imajinatzen zenuen, Hyssopusen garaietan, adibidez, hona iritsiko zinela?
22 urte igaro dira! Orain dela hiru bat aste Berrizen egon nintzen. Eskolatik pasatu eta gimnasioa ikustera joan nintzen, izan ere, hortxe jo genuen gure lehen kontzertua. Argazkia atera eta Madrileko lagunei bidali nien. Ostean, errepasoa egin nuen, eta itzela izan zela konturatu nintzen. Eta hortik aurrera gertatutako guztia surrealista izan da. Gero [elkarrizketa egin zen goizean] Lenny Kravitzen aurretik jo behar dugu! Kontzertua jo, trasteak batu, eta eszenatoki albotik Kravitz ikusi ahalko dugu. Honek guztiak ukitu surrealista bat du, eta ni topera disfrutatzen ari naiz. Nekatzen naizenean, abisatuko dut, baina, oraindik behintzat, ez du itxura hori (barrez).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!