“Espazio txikietan hasi ziren talde handiak ere, eta umiltasun hori ez da inoiz galdu behar ”

Aitziber Basauri 2018ko uzt. 1a, 10:30

Irakaskuntza eta musika maite ditu Oihana Alberdi Elorriagak (Berriz, 1977). Ogibidea du lehena eta pasioz bizi du bigarrena. Hala ere, jakingura asetu beharrak hainbat kausatan murgildu du. Erratzera ausartu behar dela uste du, batzuetan apustu zailak eginez. Musika talde bat aukeratzeko eskatuta, Izukaitz aipatu du. Mariasun Iturriagagoitiak abesten zuen bertan, erreferente izan zuena bere amagaz batera.

Saltsa guztietako perrexila zara...
Hala entzun dut beti. Beti izan dut jakingura handia, eta batean eta bestean aritu naiz ikusmin hori asetzeko. Zerbaitek erakarriz gero, hurbildu eta probatzea da onena. Gauza asko gustatu izan zaizkit eta aukeratzea zaila egin zait.

Zer duzu orain esku artean?
Irakaskuntza eta musika, musika kontzepturik zabalenean. Arlo sozialagaz lotutako gai askorekiko interesa izan dut beti. Jaio garen tokiak, inguruak eta egoerak eragina du gure izaeran, eta horrek eta nire jakingurak hainbat ekintza eta kausa lantzera eraman naute. Beti endreduan ibili naiz, gauzak egiten, sortzen: begirale lez, irakaskuntzan zein okupazioagaz, kulturartekotasunagaz edo hezkidetzagaz lotuta… Horrek askotariko jendea eta espazioak ezagutzera eraman nau. Asetu, bete egiten zaitu horrek.

Musikak bete egiten zaitu?
Ezinbestekoa dut. Ez dut ulertzen bizitza musikarik barik, onurak baino ez dizkiot ikusten. Denean dago musika, sonoritatea, entonazioa, erritmoa… Pertsona oso sentibera naiz, eta musikak barrenak astintzen eta asetzen lagundu dit.  

Irakaslea zara, baina musika sustatzaile lez ere ari zara. Nola hasi zinen?
Zerbait lortzeko bideak sortu behar izan ditugu hemen. Beti ibili naiz endredatzen, batean edo bestean, eta horri esker jende asko ezagutu dut; ikusi dut zein eskaintza indartsua sortu daitekeen. Talde bat ginen hasieran, kontzertuak eta ekintzak antolatzen genituena, eta gero neuk jarraitu dut. Munduko taldeak eramaten zituen hainbat pertsona ezagutu nituen eta neu ere animatu nintzen. Norbaitek nigan sinetsi zuen, harremanak sortu ziren eta ohartu barik urteak aurrera joan dira. Ez kontzertuak bakarrik, beste edozer sortzeak eta antolatzeak sortzen didan ilusio  hori transmititu gura dut.

Bigarren ogibidea duzu musika?
Pasioz bizi dut hau dena, eta kosta egiten zait ogibide lez hartzea. Gauzak antolatu egin behar direla uste dut, eta zenbait gunetan dirua ez da traba. Autogestioan sinesten dut eta bertako espazioen aldeko apustua—gaztetxeak, taberna txikiak, lagunarteko guneak…— egitea garrantzitsua da, zuzeneko musikaren aldekoa naiz. Harremana gertukoagoa da. Publikoaren eta taldearen arteko komunikazioa sortzen da. Espazio txikietan hasi ziren talde handiak ere, eta umiltasun hori ez da inoiz galdu behar. Talde berriei lekua egitea ere oso garrantzitsua da.

Itxiak gara musikari dagokionez?
Ez. Badaude estilo batzuk oraindik nagusi direnak, baina eskaintza berria ematea eskertu didate.

Emakume izateak bidea zaildu dizu?
Afizioak eta ofizioak ez du generorik. Baina ikusten ez dena ez dugu sentitzen, naturalizatzen. Musika munduan gizonezko asko ikusi ditugu, ez hainbeste emakumeak. Baina egon badaude. Ez dira ikusteko moduan jarri, eta ematen du ikusten ez dena ez dela existitzen. Musikan eta beste arlo askotan gertatzen da. Denon eginkizuna da gizarteak jarritako ereduak apurtzea. Eta, horretarako, eredu berriak behar ditugu. Entzun dut erreferente naizela eta beldur apur bat ematen dit berba horrek, lotsa ere bai. Eredu horiek apurtu arte neuk ere sinetsi dut ez naizela gai. Orain nire proiektuan sinesten dut, konfiantza gehiago dut.

Zenbat talde daramatzazu?
Asko, estilo askotakoak —rock-&roll, heavy, hard-core, punk, folk…—. Europa, AEB, Japonia… leku askotako taldeekin lan egin dut, eta Euskal Herrian eta estatu espainiarrean mugitu naiz; kanpoan ere bai. Beti gura izan dut nire taldea sortu, baina badut halako beldur eszenikoa. Ea egunen batean...

Herriko jaietan, non ikusiko zaitugu?
Behar nauten tokian. Dantzariak ikusteko ohitura ere badugu, eta sarritan dantzara atera gaituzte ama eta ni. Euskal dantzen ikastaroa egin dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!