Berrizko jaiak

Berrioiz guraso elkarteak jaurtiko du jaietako txupinazoa

Jone Guenetxea 2018ko eka. 27a, 15:30

Learreta-Markina eskolako Berrioiz guraso elkarteak ikasturte amaiera biribila izango du aurten. Elkarteko kideek "sorpresagaz" hartu dute jaietan txupinazoa jaurtitzeko ardura.

"Jaiei hasiera ematea ohorea da, eta horretarako gugaz gogoratu izanak asko poztu gaitu", azaldu du Janire Gerenabarrena guraso elkarteko kideak. Aurreratu dutenez, pregoia gertu duten arren, ez dute erabaki oraindik udaletxeko balkoira nor igoko den. Elkartearen lana ezagutzera emateko baliatu gura dute jaien hasiera. Berrizko eskolan HHn eta LHn dabiltzan 519 umek (350 familia) ikasten dute. Familia horietako 10 bat kidek osatzen dute guraso elkartea, baina batzuetan beste guraso batzuen laguntza ere izaten dute. Guraso elkarteak eskolaz kanpoko ekintza guztiak antolatu eta kudeatzen ditu. Kultura, euskara eta kirola sustatzea da ekintza horien helburu nagusiak.

Bestalde, guraso elkartea ikasturte amaierako irteera eta jaialdia antolatzeaz ere arduratzen da. Hilaren 16an ospatu zuten ikasturte amaierako jaialdia, eta bertan euskara eta parte-hartzea sustatu gura izan zituzten. "Aurten jai eredua aldatzea proposatu dugu. Helburu legez, euskara sustatzea jarri dugu. Kezkaz ikusten dugu gure herrian eta baita eskolan ere, geroago eta euskara gutxiago hitz egiten dela ", dio guraso elkarteko ordezkariak. Beste hainbat elkartetan legez, parte hartze txikia ere kezkaz bizi dute. "Jendeak ez du kontuan hartzen hezkuntza komunitatea ikasleek, irakasleek eta gurasoek osatzen dugula. Gurasook ere asko dugu egiteko", adierazi dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!