"Zuzenekoak ematearen eraginez ari gara ezagunak egiten; hori da bide naturala"

Aritz Maldonado 2018ko eka. 22a, 11:14
Eneko Baceta

Bigarren lana kaleratu du Ander Olabarriagak, Aritz Aranburuk, Odei Arrizabalagak, Bikendi Fernandezek eta  Ander Aretxagak osatzen duten Worth It talde berriztarrak.

 

Euren zuzenekoak bezala, erritmo biziko ibilbidea darama Worth It taldeak. Azken hiru urtetan ehunka kilometro egin dituzte errepidean, kontzertuak eskaintzeko. Kontzertu bi jo dituzte ekainean, bata Oviedon eta bestea Berrizen, eta beste hitzordu bi dituzte aurretik: gaur, Larrabasterran, eta bihar, Barakaldon. Disko bi kaleratzeko tartea ere izan dute. Azkena, 'Better Ways', plataforma digitaletan eskegi dute berriki; udazken aldera biniloan kaleratuko dute

 

Ez da beharrerako erritmo makala zuena.

Ander Olabarriaga: Bai, eta ez da beti erraza izan. Better Ways grabatu aurreko sasoia nahiko gogorra izan zen. Closer diskoaren aurkezpen kontzertuetan murgilduta geundela utzi zuten taldea Imanolek eta 'Zana'k. Adei eta Bikendi sartu ziren. Inplikazio handia dugu taldean, eta Adeik ezin izan zuen jarraitu. Aretxaga agertu zen ostean.

Aritz Aranburu: Diskoa aurten kaleratzea erabakita genuen, eta hainbat zuzeneko ere hitzartuta genituen. Beraz, abesti zaharrak zein berriak sartu eta segituan ikasi behar izan zituen.

Odei Arrizabalaga: Aldaketa garrantzitsuak izan dira, baina buruan genuen erritmo mailari eusteko gai izan gara. 

Izan du taldekide aldaketak eraginik soinuan?

A.A.: Guk hardcorea punk bizkor moduan ulertzen dugu. Disko berrirako aldaketatxo bat egin gura genuen, zuztarretara joz. Abesti laburrak eta zuzenak dira. 

A.O.: Lehenbiziko diskoan probatutako alde astuna alde batera utzi eta punk influentzia nabarmentzen saiatu gara. Uste dut, hala ere, gure soinua ez dagoela oraindik guztiz zehaztuta. 

Zeri buruz abesten duzue 'Better Ways' honetan?

O.A.: Abesti bakoitzak bere ideia du. Letra batzuk pertsonalagoak dira, eta beste batzuk orokorragoak. Hori bai, hitzak zuzenak dira, ez dugu metaforarik erabiltzen.

A.O.: Inguruan gertatzen denaz idazten sentitzen naiz erosoen. Price Of Freedom, adibidez, kritikoagoa da gizartearen funtzionamenduarekiko, baina guk sentitzen dugun bezala abesten dugu.

A.A.: Orokorrean, jarrera eraikitzailea agertzen dugu kantuetan. Gustura gaude egiten dugunagaz, gure bideagaz, eta harro abesten dugu horretaz.

Zer moduz joan da grabazioa? 

O.A.: Berrizko Estoldetan grabatu dugu ostera ere, eta aurrekoan baino gusturago egon gara. Beste modu batera planteatu ditugu gauzak, eta asmatu dugulakoan gaude. Ni askoz erosoago egon naiz oraingo honetan. 

A.O.: Lehenbiziko diskoagaz ikaragarri ikasi genuen. Ez bakarrik teknikoki. Horrelako prozesu bati zelan egin aurre ere ikasi genuen. Nik neuk gauzei hainbeste buelta ez ematen ikasi dut, gauzak sinpleago egiten. Gure estilorako baliagarria da hori, izan ere gurean zuzenekoak dira esentzia.

A.A.: Betirako geratuko den zerbait egiten ari zara. Estudiora joan, daukazun guztia atera, eta horregaz disfrutatzea da aberasgarriena. Prozesu osoagaz pozik geratzea itzela da.

A.O.: Etorkizunerako, fisikoki geratzen dena abestiak eta hauen soinua dira, baina norberaren oroitzapenetan prozesua pertsonalki zein talde moduan nola bizi izan den geratzen da.

Don Furyk egin ditu masterizazio lanak. Nola irten zen aukera?

A.A: Friki batzuk gara gu, musika asko entzuten dugu eta bideo asko ikusi (barrez).

A.O.: New Yorkeko hardcore eszenako pertsonaia garrantzitsua da Fury. 80ko hamarkadako kultuko disko asko bere eskuetatik igaro dira: Agnostic Front, Sick Of It All, Warzone... Masterizazio prozesua delegatzea gura genuen.

A.A: New Yorkera bidali dugu, hardcorearen mekara! Dudak eduki arren, azkenean idaztera animatu ginen eta egunean bertan erantzun zigun. Oso hurbileko tratua eduki dugu beragaz.

A.O.: Horrelako detaileekin ikusten da zein hurbilekoa den hardcore munduko jendea, eta gure ikuspuntua indartzen du horrek.

Zuzenekoekin hasiko zarete orain.

O.A.: Lehenik eta behin, asteburu honetako kontzertuak ditugu. Durangaldean eta Euskal Herrian nahikotxo jo dugu, eta gogoa dugu kanpora gehiago irteteko. Errepidean lagun ugari egin ditugu. Horietako asko Oviedon egon ziren, eta horrek esan gura du zerbait ondo egin dugula orain arte. Beste jauzi bat emateko garaia dela uste dugu.

A.O.: Kontzertuak emateko deitzen digute, eta hori txarto egiten ez dugulako da. Jendeari gustatzen zaio ikusten duena, eta kontzertu asko lortzen ditugu ahoz ahoko lan horri esker.

A.A.: Aktibo egotea da kontua. Europara joatea ere gustatuko litzaiguke, eta uste dugu helduko dela hori egiteko unea ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!