Carmen Marcok hartuko du Francisco del Pino zinegotziaren lekua

Maialen Zuazubiskar 2018ko eka. 22a, 10:00

Duela hamabost urtetik Berrizen bizi den 42 urteko valentziarra izango da PSE-EEko zinegotzia.

Maiatz hasieran emakume bat erasotua izan zen Berrizen eta ustezko erasotzailea Francisco del Pino PSE-EEko zinegotzia izan zen. Bizkaiko PSE-EEk zinegotziari dimisioa aurkezteko eskatu zion, eta berriztarrak dimititu egin zuen.

Atzoko bilkuran jakitera eman zutenez, Carmen Marcok hartuko du del Pinoren tokia eta legegintzaldi amaierara arte bera ariko da zinegotzi lanetan. "Legegintzaldi osoan Franekin lanean aritu naiz, eta Bizkaiko PSE-EEkoak deitu zidatenean erronka onartzea pentsatu nuen", adierazi du Marcok.

Marco valentziarra den arren, hamabost urtez Berrizen bizi da eta herritarrak ordezkatzeko aukera izateaz "oso pozik" dagoela adierazi zuen. "Ilusio eta gogo askorekin nago, lan egin gura dut eta datozen hauteskundeetara ziurrenik nire burua aurkeztuko dut zerrendaburu", bukatu zuen Marcok.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!