Gaur jaiak aurkezteko egindako prentsaurrekoan udaleko eta jai batzordeko kideek aurreko urteetan bezala, jaiak parekideak izan daitezen eta euskaraz bizi ditzaten aldarria egin diete berriztarrei.
Horrez gain, lehenengoz indarkeria sexistarik bako gune bat jarriko dutela jakitera eman dute. Bertan, gainera, Berrizko Azeri Gorriak talde feministako kideek beraiek sortutako hainbat material saltzeko aprobetxatuko dute.
Bost egunez egitarau zabala
Azken urteetan ohitura bilakatu den bezala, zapatuan, ekainak 30 izango da Elizondo inguruan jai giroa gehien zabalduko den eguna. Kuadrilen Eguna ospatuko dute Udaletxeko lorategian, lagunartean paella lehiaketan parte hartu eta bazkaltzera elkartuko dira berriztarrak. Bazkalostean, parte hartze oso handikoak izaten diren mus, tute eta briska lehiaketak egingo dituzte, udaletxeko lorategian.
Hala ere, urtero lez, jaiak irauten duten bost egunetarako adin guztietarako eta gustu guztietarako ekintzak antolatu dituztela jakitera eman dute prentsaurrekoan udaleko eta jai batzordeko kideek.
Ekintzak gazte asanbladaren eskutik
Aurtengo San Pedro eta Santa Isabel jaietarako Berrizen gazte asanblada eratu dute. Ariane Otxandategi, Jone Narbaiza eta Nerea Aranburuk adierazi dutenez, gazteak batzeko asanblada eratzea "beharrezkoa" dela iruditu zitzaien. "Gure asmoa urte guztian zehar herriko gazteak batzeko ekintzak antolatzea da, eta hasiera emateko jaiak baliatuko ditugu", esan du Narbaizak.
"Pozgarria da herriko gazteak batzea eta udalera laguntza esker etortzea. Beraiek ezagutzen dute hobetoen beraien errealitatea eta gu oso eskertuta gaude", adierazi du Bego Madariaga zinegotziak.
Aurten eratu den gazte asanbladak ekintza ezberdinak antolatu ditu aurtengo jaietarako. Azken urteetan lez, paella egunean, zapatuan, txosnagunean gazte bazkaria egingo dute. Ohitura bilaku den lez, mozorrotu egingo dira egun horretan gazteak, eta herrian zehar kalejiran eta poteoan ibiliko dira arratsaldeko koadrilen jeitsieran.
Horrez gain, aurten txosna bi jarriko dituztela jakitera eman zuten, baten edaria salduko dute eta bestean afaltzen emango dute. Gainera, txosna bi hauetan Berrizko elkarte ezberdinak elkarlanean ariko dira.