“Berriztu kontsumo frenetikoari aurre egiteko ekintza polit bat izan zitekeela pentsatu genuen”

Maialen Zuazubiskar 2018ko eka. 15a, 14:30

Berriztu bigarren eskuko azokaren seigarren edizioa egingo dute domekan. 11:00etatik 15:00etara bitartean egingo dute, udaletxeko parkean. ANBOTOk Eneko Baseta (Berriz,1981) eta Miriam Caro (Berriz, 1986) antolatzaileekin hitz egin du.

Nola bururatu zitzaizuen bigarren eskuko azoka hau antolatzea?
Eneko Baseta: Europa iparraldetik eta Australiatik bidaiatzen ibili ginen eta horrelako azoketan astebururo jende asko ibiltzen zela ikusi genuen. Orduan, hemen horrelako ekimen bat egitea oso interesgarria iruditu zitzaigun. Gainera, birziklapenaren inguruko beste alde hori ere ikusi genuen, gure bizitzetzan zaintzen ahalegintzen garen kutsu hori.
Miriam Caro: Alternatiba moduan ikusi genuen. Berriztu kontsumo frenetikoari aurre egiteko ekintza polit bat izan zitekeela pentsatu genuen.

Murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea bultzatu gura dituzue. Zergatik dira horiek garrantzitsuak?
M.C.: Guretzat garrantzitsua da benetan beharrezkoak ez diren erosketak saihestea, erabiltzen ez ditugun gauzei beste irtenbide bat ematea eta erosketaren bat egin behar badugu, bidezko merkataritza, ekonomia alternatiboa eta solidarioa, lankidetza-kontsumoa eta halako formulak baliatzea. Beraz, Berrizturen bitartez balio horiek plazaratzen ditugu.
E.B.: Sistema oso kapitalista batean bizi gara, eta ez dugu kuestionatzen zenbat eta zelan erosten dugun. Eta hori aztertzea beharrezko ikusten dugu.

Azokaz gain, beste hainbat ekintza ere antolatu dituzue.
E.B.: Musikagaz eta muralagaz kutsu berezi bat eman gura izaten diogu herritar guztientzat zabalik dagoen azokari. Aurten, Inunek kontzertua eskainiko du eta Janire Ordunak murala egingo du. Musikagaz eta muralagaz bere espazioa ematen diogu arteari.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!