“Ez dakit larregi eskatzea ez ote den, baina mundiala litzateke hardcore kultura jendartera zabaltzea”

Aritz Maldonado 2018ko mai. 4a, 14:14

Mutikotatik zainetan daramate musika Eneko Bacetak, Unai Basetak eta Arkaitz Bereziartuak. Musika bizi dute, eta heldutasunera iritsitakoan hardcore talde bat sortzeko indarra, gogoa eta denbora atera dituztela da horren adierazle.

2016tik Stronger Together moduan hara eta hona dabiltza kontzertu indartsuak eskaintzen. Iaz, Gaizka de la Torre batu zitzaien bateria jotzeko, taldearen sortzaile izan zen Raul Morenoren partez. ‘Stronger Together’ 5 abestiko lana kaleratu berritan, kontzertuen bidez hardcore kultura barreiatzen jarraitzen dute, nola ez, musikagaz disfrutatzen jarraitzen duten bitartean.

Nolatan sortu zenuten taldea?
Eneko Baceta: Hardcore talde bat sortzeko gogoa genuen aspalditik. Kontzertu askotara joan izan gara beti, eta, azken aldian, Berriz Hardcore Crew mugimenduaren bueltan ibili gara. Aspalditik genuen taldea sortzeko gogoa, baina ez genekien instrumenturik jotzen. Raul bateria ikasten hasi zen, eta ni, gitarra. Tontoka-tontoka hasi ginen, eta, ostean, Unai batu zitzaigun.
Unai Baseta: Raulen aitaren fabrikan hasi ginen entseatzen. Hiruzpalau kanta egituratuta geneuzkala, Arkaitz hasi zen etortzen. Gero, Berrizko entsegu lokaletara mugitu ginen, eta han gehiago ikasi genuen, talde ugari daude eta. Beste proiektu batzuk zirela-eta, Raulek taldea utzi zuen, eta Gaizka etorri zen bateria jotzera.

Zergatik Stronger Together?
Arkaitz Bereziartua: Elkarregaz indartsuagoak garela uste dugu, hori da gure filosofia, betidanik.
U.B.: Izena taldea sortu aurretik dator, lelo bat da guretzat.
E.B.: Gaztetan txabola egiten duzunean bezalakoa da. Egitura egin aurretik, jada pasahitza erabakitzen duzu [barrez]. Izen oso ona iruditzen zaigu, oso hardcore-a, eta mezu polita islatzen duela iruditzen zaigu. Azken finean, hasieran ez genekien ia ezer egiten, eta egindako lanari esker eta jarritako ilusioagaz hau guztia sortu dugu.

EPa ere ‘Stronger Together’ deitzen da. Zer aurkituko du entzuleak bertan?
E.B.: Guk ‘Bihotzeko Hardcorea’ deitzen diogu egiten dugunari. Hardcoreaz dugun ikuspuntua transmititzen saiatu gara, hau da, guri entzutea gustatuko litzaigukeena eskaintzen. Eskola zaharreko hardcoretik asko edan dugu eta igartzen da. Pisutsuak dira gure doinuak, eta ukitu punkia ere badute, berehalakotasunean eta jarreran oinarritzen direlako. Bandcampean eskegi dugu lana nahi duenak entzuteko.
U.B.: Nahasketa hori daukate abestiek. Eta flow-a ere badute, nahiko dantzagarriak dira abestiak. Guk dantza asko egin izan dugu mosh pit-ean, pogoan, eta hori da sortu gura izan duguna. Hori islatzen da kantuetan. Hasieran sortu genituen abestien bilduma moduko bat bat ere bada; genituen hamar abestien erdiak grabatu ditugu.

Zer moduz grabatzen? Batzuentzat lehenbiziko aldia izan da, oker ez banago.
U.B.: Hasieratik argi genuen bost abestiko lana izango zela. Orokorrean, joera hori dago hardcorean, eta, bestalde, ez genuen ez dirurik, ez denborarik ez gogorik gehiago egiteko.
E.B.: “Goazen probatzera eta ea zer irteten den”, esan genuen. Eta hor Jon Chaves sartu zen jokoan. Gu grabatzeko gogoa zuela esan zigun, eta guk ere bagenuen gogoa beragaz
egoteko.
U.B.: Hiru egunez egon ginen Berrizko Estoldetan sartuta. Etxean bezala egon ginen. Niretzat lehenengo aldia izanda, oso gustura egon nintzen.
A.B.: Gaizkak egindako beharra ere nabarmentzekoa da. Klaketagaz jotzera ohituta dago, eta horrek asko erraztu zuen grabazioa.
E.B.: Lehenbiziko arratsaldea muntaketa lanetan igaro genuen, eta, ostean, arratsalde bitan bost abesti grabatu genituen. Lehenbiziko aldia izateko, ez dago batere gaizki.

PMA [Positive Mental Attitude] delakoa sustatzen duzue hitzetan. Zertan datza?
A.B.: Bizitzari jarrera baikor bategaz aurre egitea bultzatzen du. Gorroto gehiegi dagoela uste dut. Ia 40 urte ditut, eta ikusten nuen garaia zela horrelako zerbaiti buruz abesteko. Ingurua babesteari buruz abesten dugu, eta laguntasunari gorazarre egiten diogu.
U.B.: Bad Brains eta H20ko Toby Morse [Hardcore talde mitikoa eta abeslaria, hurrenez hurren] ideia horien defendatzaile sutsuak dira, eurak dira aitzindariak.
E.B.: Gure hitzek norbanakoan jartzen dute ardatza. Eraldaketa soziala norbanakoan eraginda lortuko delakoan gaude.

Digitalean, KDan eta K7an kaleratu duzue. Zergatik zintan?
U.B.: Motive fanzineagaz eta XcementerioX banatzaileagaz elkarlanean kaleratzeko aukera izan genuen, eta horrela egin dugu. Formatu interesgarria iruditu zitzaigun, besterik barik. Oso pozik gaude, gainera, gure erabakiak gure esku utzi dituztelako.
A.B.: Maketa esanda, gure garaiko edozeini zinta kassetea datorkio burura.
E.B.: Kasseteak zein fanzineak oso gure garaikoak dira, eta horregatik gustatu zitzaigun hainbeste aukera hau. Naturalagoa zaigu zinta, biniloa baino naturalagoa, adibidez. Argi genuen digitalean ere kaleratuko genuela, noski.
A.B.: KD ediziorako, guk diseinatu eta serigrafiatu dugu azala, oso Do It Yourself [Zuk Zeuk egin, euskaraz] guztia.

Zuzenekoak oso indartsuak izan ohi dira hardcorean. Nola prestatzen dituzue?
A.B.: Maketa hau jendeak abestiak ikasi ditzan kaleratu dugu, kontzertuetan gugaz batera abestu dezaten. Ez du beste helbururik, gure aurkezpen txartela da, nolabait esateko. Azkenengo kontzertuetan lasaiago jo dugu, eta horri esker gehiago disfrutatu ahal izan dugu.
U.B.: Gure kontzertuetan igarri daiteke izan dugun eboluzioa. Dugun energia guztia askatzen dugu, batzuetan horrek gure aurka egiten duen arren; hainbat bider askatu zait kablea niri!

Talde gaztea izan arren, eman dituzue kontzertu batzuk.
E.B.: Batez ere, Durangaldetik ibili gara, baina Santanderren (Espainia) ere egon gara, adibidez.
Adinagaz, ez zaizue gaitza egiten denbora ateratzea entsegu, grabazio, kontzertu eta beste guztirako? Galdetu dizuete inoiz, ‘zuen adinagaz, eta oraindik ere musikarako afizioa duzue’?
U.B.: Enekok The Offspringen zintak ekarri zizkidanetik ez naiz gelditu ere egin. Hau ez da moda bat, gure pasioa da. Nik beti diot, 50 urtegaz ere Hardcore Kid bat izango naizela.
E.B.: Inoiz galdetu didate ea nora noan 35 urtegaz gitarra bategaz, baina Unaik esan bezala, hau ez da denboragaz pasatuko den zerbait, nigan dagoen zerbait baizik. Nire ustez, adina ezertarako ere ez da muga bat, zure helburua disfrutatzea bada, behintzat. Guk ez dugu Metallica izan gura. Gure helburua disfrutatzea da. Denborari dagokionez, ahal den lekutik ateratzen da; azken finean, gura dudana egiteko hartzen dut denbora.

Arkaitz, falta sumatzen zenuen? [Hyssopus taldean aritu zen bere garaian]
A.B.: Bai. Zuzenekoak oso intentsoak izaten dira beti, eta indar horren falta igartzen genuen.  Denbora falta zait, baina.

Zer du Berrizek horrelako harrobi musikala izateko?
A.B.: Ura izango da [barrez]. Ez dakit, gu beti ibili gara musika munduan, gaztetxean eta abar. Lehen, astebururo zeuden kontzertuak, eta horrek bere eragina izango zuen, ziur.
E.B.: Hardcorearen bueltan jende gutxi biltzen gara beharbada, baina pop rock edo punk rock-aren harrobi ere bada Berriz, Sei Urteren eraginari esker. Hortik datoz Etxe, Zain, The Van... Erreferenteak edukitzeak asko laguntzen du beti.

Eta, aurrera begira zein da musika arloan zuen asmoa?
E.B.: Berdin jarraitzeko asmoa dugu. Ahalik eta kontzerturik gehien ematen saiatu, ikasten jarraitu, eta, batez ere, disfrutatzen jarraitu, horixe da gure helburua.
U.B.: Musikari legez haztea ere gustatuko litzaiguke. Maketagaz, bestalde, publikoagaz feelinga lortzea gustatuko litzaiguke, eta ez dakit larregi eskatzea ez ote den, baina mundiala litzateke hardcore kultura jendartera zabaltzea, eta jendeak horretan interesa agertzea.
A.B.: Itzela litzateke hardcoreak guretzat zer suposatzen duen ulertzea jendeak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!