Abandonaturik dauden espazioekin osaturiko bilduma Berrizen ikusgai

Aritz Maldonado 2018ko mar. 13a, 16:00

Leticia Gaspar (1982, Plentzia) margolariaren lanak ikusgai egongo dira martxoan zehar Berrizko Kultur Etxean.

Abandonaturiko parajeak, beirateak, dendak... eta antzerakoak izaten dira zure obrako protagonistak.  Zein da bilatzen duzun erreakzioa?
Une honetan, Bilboartek finantzatutako proiektu batean nabil bekadun. Bertan, garaiko medio urbanoaren eraldaketa aztertzen nabil, testigu garen fenomeno bat ardatz hartuta: kapital gabezia, eta enpresa-sarearen hondatzea. Testuinguru honetan, espazio abandonatuek hausnarketarako subjektu bilakatu dira. Hau esanda, esan gura dut ez dudala errealitatea islatzera mugatu gura. Elkarrizketa bat ireki gura dut, hutsaren, isiltasunaren inguruan, erreferentzia moduan denda itxiak edo iragarkirik gabeko panel publizitarioak hartuta. Obra bitan, Berrizko gaiak egongo dira ikusgai.

Argiak sekulako garrantzia du zure lanetan. Nola inspiratzen zara?
Betidanik pintatu izan dut, eta gaur egun esan dezaket, oinarrizkotzat ikusten dudanera hurbiltzen hasi naizela, hau da, hunkitzeko gaitasuna edukitzera heltzen ari naiz. Pinturagaz dudan harremanak zerikusi handia du emozioagaz. Zerbait marrazteko, adierazi behar dudan objektuarekiko motibazio bat behar dut. Ez dut interesik erreferentziaren kopia bat egiteko; balio plastikoak koloreen, argiaren edo konposizioen erabilera, edota keinuen erabilera. Gainazalak prozesuaren nondik norakoa azaltzen du; zenbait geruza gainjartzen dira, pintura ezartzeko modu ezberdinak, eta zenbait akabera emanez, arkatzezko trazuak, kreta edo aldaketak erakutsiz. Prozesu linealak eta metodikoak saihesten saiatzen naiz: obra bera zerbait organikoa legez lantzen dut, gehitzen edo kentzen diren elementuen arabera aldatzen dena. Ikuslea bereganatzen duten argia eta konposizioa dituzten obrak margotzen ditut. Azken finean, adierazten den horretara hurbiltzera gonbidatzen duen misterio batez egin dezakegu berba.

Tesia egiten ari zara, ezta?
Bai. Une honetan, tesia amaitzen ari naiz, eta EHUko talde ikertzaile bati laguntzen ari naiz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!