“Badut jenioa, baina alde dibertigarria ere bai, zoramen puntua”

Aitziber Basauri 2018ko mar. 11a, 10:30

Telebista saioetan ezaguna da Juan Carlos Bernabé (Berriz, 1976). Eroso agertzen da kameren aurrean, eta beti nabarmentzen den horietako ematen du. ‘El Conquistador del Caribe’ utzi berritan, programako probarik ezagunenetan parte hartu ez izanagatik penatuta etorri da, baina esperientziagaz oso pozik. Ramales de la Victorian (Kantabria) bizi da, baina lotura estua du Berrizegaz. Familia du hemen eta sarritan etortzen da.

Nola animatu zinen ‘El Conquistador del Caribe’ programan parte hartzera?
Denbora faltagatik, lanagatik, ez naiz programaren jarraitzaile amorratua izan, baina beti erakarri nau, eta probatu egin gura nuen; nire muga non dagoen ikusi gura nuen.

Pozik zaude lortu duzunagaz?
Ez. Gehiago egin nezakeela uste dut. Azkenean, buruak jokaldi makurra egin zidan. Eta indarra ere falta izan zitzaidan. Han egon garen denboran, asko nekatu gara probetan. Leher eginda nengoen. Baina ez zara jabetzen. Edozer gaindituko duzula uste duzu: hankak handituta nituen, saihets-hezurrean fisura, sorbalda lokatuta... baina ez nintzen min horien jabe. Dueluan indartsu sentitu nintzen, baina ordubete egin genuen soketan, eta nekea itzela da! Besoetan indarra falta nuen, baina banuen grina.

Nolako esperientzia izan da?
Hamarrekoa izan da; itzultzeko gogoz nago. Oso gogorra izan da, baina polita ere bai. Igual, prestaketa apur bat falta izan dut. Oihanean, metro batera dagoena ikusi gabe, ekaizpean, eta lurrean lo eginez eman ditugu egunak. Moskitoek jan egiten zaituzte, itzela da. Inoiz ez naiz egon hainbeste egun jan gabe. Dena da gogorra, eta nekea itzela da. Ezin lorik egin, jatekorik ez, lauzpabost orduko probak... Fisikoki prestatu egin behar da, baina burua da garrantzitsuena.

Zure berbetan, talde berezitxoa osatu duzue. Berezitzat duzu zure burua?
Bai, noski! Denok dugu gure ukitua. Askorentzat itzelezko harrikada daukat, baina ni horrelakoa naiz (barrez). Nire izateko era da; ezagutzen nauenak, badaki. Batzuentzat nekagarria izan ninteke, baina normaltzat ikusten dut neure burua. Alaia naiz, berez; ez dago besterik.

Zu zeu izan zara?
Bai. Paper bat betetzea leporatu didate, baina telebistan ikusi den modukoa naiz. Beti izan naiz horrelakoa. Badut jenioa, baina alde dibertigarria ere bai, zoramen puntua; gustatzen zait hori, eta nire ingurukoei ere bai. Ni joanda, El conquistador del Caribek galdu egingo duela uste dut, joko handia eta irudi eder asko eskaini ditut eta. Hala ere, niri bakarrik ez, programan dauden askori gustatzen zaie kamera aurrean egotea.

Ez da zure lehen esperientzia telebistan. Gustuko duzu pantailan agertzea?
Bai, ez dut inoiz kontrakorik esan. ETBko Date el Bote eta Atrápame si puedes lehiaketetan ibili naiz, Antena 3 kateko Ahora Caigo-n, Cuatro kateko Ven a cenar conmigo  programan eta TVEko El precio justo-n. Tertuliakide ere bai ETBko Qué me estás contando saioan eta Telebilbao katean, eta Qué vida más triste (Sexta) telesaileko hainbat esketxetan agertu naiz.

Showman bat zarela esan daiteke?
Hala esaten didate. Atrápame si puedes saioa ikusiena izan da denbora batez; astebururo mozorrotuta agertzen nintzen orduan. Hortik dator dena. Dena den, abeslaria ere izan naiz. Sei urtean Ermuako Preludio orkestran ibili nintzen, eta, aurretik, talde bat izan nuen Berrizen: Milenio. Durangoko Txori Soron jo genuen lehenengoz.

Artista zena duzu, beraz?
Beti gustatu zait. Baina, lan eta familia kontuengatik ez dut inoiz pausoa eman. Orain, hobby lez, bakarrizketekin hasi naiz. Proba egin gura dut, ia entzulearengana heltzen naizen. Tiempos de EGB con Bernabé, hori dut lehenengo bakarrizketa; nire bizitzaz eta 90eko urrezko urteez dihardut. Hiru saio ditut lotuta, martxo bukaeran hasita. Gogoz eta beldurrez nago. Errespetua diot bakarrizketari, eta lehenengo hartu-emana da hau. Zaila da entzulearengana heltzea, ez aspertzea, dibertitzea. Saiakera egingo dut; badut etorria behintzat.

Zure txapelak ere eman du zeresana...
Bai, soldaduek lez jarri dudalako edo. Askotan jartzen dut, egunerokoan ere inoiz. Adibidez, San Mamesera joateko. Athleticen jarraitzaile sutsua naiz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!