1943an, 26 urte zituela, Elvira Escuderok Berrizko Mesedeetako komentuan sartzea erabaki zuen. Komentura batu eta urte gutxira, 1948an hain zuzen ere, Japoniara misiolari joatea erabaki zuen, eta harrezkero han ari da misiolari lanetan Escudero.
Escudero orain 70 urte joan zen lehenengoz Asiara, eta han gerrak suntsitutako herrialde bat aurkitu zuela jakitera eman du Bilboko Elizbarrutiak.
Orduz geroztik, Berrizko Mesedeetako misiolaria Japoniako eskoletan gazteak hezten eta katekesia ematen ibili da.
Misioetarako institutua
1930era arte Berrizko komentua klausurakoa zen, baina harrezkero, Margarita Maria Lopez de Maturanari esker, misioetarako institutu bilakatu zen. Berrizko Mesedeetako Misiolarien sortzailea 16 urtegaz bidali zuen Berrizko komentura bere amak, ahizpa bikiagaz batera, nautikako ikasle bat ahaztu zezan. Berrizko komentuan bokazioa zuela konturatu zen Margarita Maria Lopez de Maturana eta 19 urtegaz komentuan gelditzea erabaki zuen.
Lopez de Maturana bilbotarrak egindako lanari esker, 1930ean klausurako komentua misiolarien institutu bilakatu zen eta, orduz geroztik, Berrizko Mesedeetako hainbat misiolari mundu guztian zehar dabiltza. 1926an espedizio bat Txinara bidali zuten. 1927an Mariana eta Carolina irletara joan ziren, eta 1928an, Japoniara.
Misiolari hauek, batez ere, ebanjelizazioan jardun zuten, aurrerago aipatutako herrialdeetako emakumeak hezten eta baita umezurztegi eta anbulatorioak sortzen ere.
Misiolariak munduan barrena
Gaur egun Berrizko Mesedeetako misiolariak bost kontinenteetan daudela jakitera eman du Bilboko Elizbarrutiak. Esaterako, Japonian Berrizko Mesedeetako 90 bat misiolari daude, Tokioko, Chigasakiko, Hiroshimako eta Hagiko hamabi elkartetan banatuta.
Horrez gain, Taiwanen, Mikronesian, AEBetan, Filipinetan, Erdialdeko Amerikan, Hego Amerikan, Afrikan eta Espainiako hainbat herritan daude Margarita Maria Lopez de Maturanak sortutako institutuko misiolariak.
Bestalde, Margarita Maria Lopez de Maturanaren printzipioak, espiritualtasuna, helburuak eta lorpenak Berrizen azaltzeko asmoz, 2013az geroztik museoa dute Mesedeetako komentuan.