“Gaurkoa gure 666. kontzertua izango da, eta zerbait bereziki zaratatsua prestatu dugu”

Aritz Maldonado 2018ko mar. 2a, 12:00

Zarata eta doinu pisutsuak nagusituko dira gaur Berrizko Hiltegixen. La Casa Fantom norvegiarrek bertan hasiko dute 2018ko bira; hamasei egunetan beste horrenbeste kontzertu eskainiko dituzte.

“Gaurkoa gure 666. kontzertua izango da, beraz, zerbait iluna eta bereziki zaratatsua egingo dugu”, adierazi dute. Baxu-jotzaile batek eta bateria-jotzaile batek osatzen dute taldea; halere, ez dute gehiago behar euren sludgecore doinuekin aretoetako hormak behera botatzeko. “Lagun batzuek eskuz eginiko bost anplifikadore eta sei bozgorailu ditugu, beraz, ekarri tapoiak!” (barrez), esan dute. Ia bi hamarkada daramatza taldeak martxan, eta 30 herrialdetik gora zapaldu dituzte bidean.

Lehenbiziko aldia izango du La Casa Fantomek gaurkoa Hiltegixen, baina ez Euskal Herrian; izan ere, azken urteetan hainbat biderrez egon dira euskal lurretan. “Oso eskuzabalak zarete, eta bertako zaleak oso bereziak zaretela uste dugu”. Erenteriako (Gipuzkoa) jaietan jo zuten lehenbizikoz Euskal Herrian eta oso oroitzapen ona dutela onartu dute norvegiarrek. "Jendea zoratu egin zen, saltoka, dantzan eta oso ongi pasatzen; bapatean beraietako bat ebatu, eta gora eta behera ibili zuten, jolas-parkean zegoela zirudien; beste batek oinetakoak kendu zizkion, garagardoz bete, eta hortik edanarazi zioten ostean, eta tipoa pozarren zegoen!".

Norvegiarrekin batera, Ikarass durangarrak egongo dira Hiltegixen. Boskote durangarrak ere doinu ilunak jorratzen ditu. Kontzertuak 22:30ean hasiko dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!