“Biharko Izarrak txapelketan lan txukuna egitea eta lehenengo sailkapen fasea pasatzea gura nuke”

Maialen Zuazubiskar 2018ko mar. 2a, 13:40

Hasi da Biharko Izarrak pilota txapelketa prestigiotsuaren 15. aldia, eta, urtero legez, afizionatu mailan dauden pilotaririk onenetakoak ikusteko aukera dago Mallabiko pilotalekuan. Aurten, Durangaldeak ordezkari bakarra izango du txapelketan: Gorka Otaduy berriztarra.

Hirugarren urtez ikusiko zaitugu Biharko Izarrak txapelketan. Ze asmogaz zoaz?
Mallabiko txapelketa nibel handikoa izaten da. Afizionatu mailako 12 aurrelaririk onenak izaten dira bertan. Atzelariak ere onentsuenak izaten gara. Beraz, Biharko Izarrak txapelketan lan txukuna egitea eta lehenengo sailkapen fasea pasatzea gura nuke. Baina badakigu denok lehenengo erronda hori pasatzea ez dela erraza.

Aurreko urteetako arantzatxoa kentzeko asmotan, beraz?
Bai, polita litzateke erronda hori pasatu eta txapelketan jarraitzea.

Ze helburu daukazu?
Eskuko lesio baten ondorioz, bi hilabetez geldirik egon behar izan dut.  Eta, jakina, duda dezente ditut ea eskuak nola izango ditudan. Hala ere, gogotsu nago eta gustatuko litzaidake lan txukuna egitea.

Biharko Izarrak txapelketako partidurik gehienak lehiatuak izaten dira.
Bai, hala da. Mallabiko txapelketak pilotari onak batzen dituenez, partidu guztiak oso gogorrak izaten dira; ez da partidu errazik egoten. Gainera, beste txapelketa batzuekin alderatuta, materiala ere oso exijentea izaten da eta hori ere igarri egiten da.

Eskualdeko ordezkari bakarra izango zara. Zuretzat, zer suposatzen du Mallabian jokatzeak?
Beti esan izan dut Durangaldeko pilotariok zorte handia dugula, eskualdean txapelketa garrantzitsuak ditugulako. Niretzat, hemen jokatu ahal izatea gauza polita da.

Etxean jokatzeak presiorik eragiten dizu?
Egia esan, ez. Durangaldean jokatzeak ez dit presiorik eragiten. Gainera, etxetik hurbil aritzea abantaila bat dela esango nuke.

Datorren eguenean, martxoak 8, Xabier Zubiria bikotekide duzula jokatuko duzu lehenengo partidua.
Aurrelari artista horietako bat da, eta beragaz partidu txukuna egitea gura nuke. Lehen partiduan Jon Alberdi eta Iker Mariezkurrena bikote indartsua izango dugu aurkari. Baina, egia esan, Mariezkurrenak urtebete darama  geldirik lesio baten ondorioz, eta ez dakit gure kontra aritzeko moduan egongo den. Jokatzeko moduan badago, partidu oso gogorra izango dugu.

Biharko Izarrak formatu berezia duen txapelketa da. Partidu batetik bestera bikoteak aldatu egiten dira. Nolakoa iruditzen zaizu formatua?
Formatu oso interesgarria dela uste dut. Txapelketa askotan egun bakarrean erabakitzen da aurrera egingo duzun ala ez. Gainera, egun txar bat baduzu, kalera zoaz. Mallabian, berriz, egun eskas bat baduzu ere, beste hainbat partidu dituzu aurretik. Horrez gainera, hemen aurrera egiten duenak bere merituengatik egiten du; azken batean, gaur bikotekide duzuna bihar aurkari duzu eta. Orduan, Biharko Izarrakek duen formatuak nabarmantzeko aukera ematen dio pilotariari.

Iazko denboraldian, Añorgako eta Egiako txapelketetan garaipena eskuratu zenuen, eta pilotari moduan aurrerapauso bat eman zenuen.
Egia esan, batzuetan joko boladak izaten dira, eta zortea aldeko baduzu eta bikotekidea ere ondo badabil, emaitza onak lortzen dira. Añorgan Peru Labakagaz irabazi nuen, eta Egian Iker Salaberriagaz. Oso ondo dabiltzan pilotariak dira biak, goi mailakoak. Txapelketa hauetan, aurkari indartsuei irabazteko gai ginela erakutsi genuen.

Azken urteotan, afizionatu mailako torneorik garrantzitsuenetan zabiltza. Pilotari batentzat horrelako partiduetan egotea garrantzitsua da?
Bai, oso garrantzitsua. Azken batean, pilotariontzat ia ezinbestekoa da horrelako txapelketetan aritzea. Gainera, nik badakit profesional mailara ez naizela iritsiko; beraz, maila handiko partiduetan egon ahal izatea pozgarria da. Bestalde, partiduz partidu hara eta hona ibiltzea gauza oso polita iruditzen zait, eta afizionatu mailak horretarako aukera bikaina eskaintzen dut.

Beraz, ez duzu zure burua pilotari profesional lez ikusten?
Ez. Nahiko txikia naiz atzelaria izateko, eta betidanik jakin izan dut ez nintzela profesional mailara iritsiko. Horregatik, profesionaletara jauzia emateko zorian dauden pilotariak baino lasaiago joaten naiz partiduetara. Hori dut abantaila.

Hala ere, afizionatu mailan jokatuta, partiduak irabaztea izango duzu helburu, ezta?
Bai, partiduak irabaztera joaten naiz. Dudan dena eman eta ondo irteten bada, bikain, eta gaizki irteten bada, hurrengo helburuetan pentsatzen hasten naiz.

Zeintzuk dira zure hurrengo helburuak?
Helburu nagusia Biharko Izarrak txapelketan lan txukuna egitea da. Lesioaren ostean, frontoian gustura aritzea eta pilotaz gozatzea espero dut. Ostean, berriz, Añorgako Txapelketa izango dut.

Binakako txapelketako lehenengo fasea bukatu ostean, ze bikote ikusten dituzu faborito txapela irabazteko?
Danel Elezkanok eta Beñat Rezustak oso indartsu daudela erakutsi dute; baita Joseba Ezkurdiak eta Jose Javier Zabaletak ere. Hauek txapelketa ondo hasi ez zuten arren, partiduz partidu gorantz joan dira eta sorpresaren bat eman dezaketelakoan nago.

Aurtengo txapelketan, enpresek hainbat bikote aldaketa egin dituzte. Zer iruditzen zaizu hori?
Aldaketak lesio bati lotuta badaude, ulergarriak dira. Baina, horrelakorik ez badago, pilotazalea mareatzea baino ez dute lortzen, eta hori zaindu egin beharko lukete.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!