“360 graduko formatu honek mesede egingo dio gure estiloari”

Aritz Maldonado 2018ko ots. 17a, 10:50

Hainbat musika proiektutan dabiltzan hiru lagunek osatzen dute Lukiek. Gaur Berrizko Kultur Etxera eramango dute beraien proposamen gordina, 360 graduko formatuan. “Gure kontzertuetan zarata izaten da lehenbiziko elementua, eta zarata horretatik melodia izpi batzuek borrokan egiten dute entzungarri izateko”, diote.

Kontzertu sorta eskaini du dagoeneko hirukote mungiarrak, betiere “giro polita” sortzen den lekuetan joz, eta “presiorik barik”. “Bestelako proiektuak ditugunez, abentura honi ikuspuntu ezberdin bat eman gura izan diogu; jo ditugun kontzertu ia guztiak lagun artekoak izan dira”, azaldu dute. Errepideetan ezagututako beste taldeetako lagunekin antolatutako kontzertuak izan dira batzuk. 2016an, adibidez, DMA´s australiarrekin partekatu zuten oholtza. Euskal Herritik irteteko aukera ere izan dute denbora honetan. Hala nola Leonera, Madrilera eta Tarragonara.

Josu Ximun (gitarra eta ahotsa), Christian Rodriguez (bateria) eta Antton Goikoetxea (baxua) modu natural batean hasi ziren musika sortzen. “Tabernan beti egoten gara musikaz berbetan, askotan aipatzen genuen taldea sortzeko aukera, eta begira”. Ximun Belako talde entzutetsuko kide ere bada.

Taldekideak gogotsu daude 360 graduko formatuan jotzeko; izan ere, inoiz ez dute horrelako formatuan kontzerturik eman. “Beti eduki dugu horrelako zerbait egiteko gogoa, hirurok elkarri adi; entsegu lokaleko formatuaren antza izango du”, azaldu dute. Guztiagaz, ikuskizun trinkoa eskainiko dute bizkaitarrek. “Gure estiloari mesede egingo diola uste dugu”, adierazi dute.

Split-a Cecilia Paynegaz
Agendak utzi ahala, kontzertuak eskaintzen ari da Lukiek. Horrez gainera, mungiarrek estudioa zapaldu dute egunotan, lehenbiziko maketa izango dena grabatzeko. “Gogoa dugu behingoz zerbait erregistro musikal batean edukitzeko”, diote. Horrela, Cecilia Payne taldeagaz batera, diskoa split formatuan kaleratzeko asmoa dute. “Antzinako formatu hori berreskuratu gura dugu; lau kanta talde bakoitzeko eta lau kanta aurpegi bakoitzeko”, azaldu dute. Cecilia Payne bizkaitarrak dira, eta udaberrian Elorrioko Ateneon egongo dira Sei Urte berriztarrekin batera. AteneON ekimenaren baitan izango da kontzertua, maiatzaren 19an, 22:30ean.  

Elkartzeko zailtasunak izan arren, aurrera egiteko gogoz daudela azaldu dute mungiarrek. Bitartean, zuzenekoak jozen jarraituko du hirukoteak. “Guk jarritako erritmoan, lagun arteko abenturan”, argitu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!