Federazioagaz eta erakundeekin haserre, martxa zikloturista ez antolatzea erabaki du Berriz Bizikletari Elkarteak

Anboto 2018ko ots. 15a, 17:25

Federazioaren aldetik “babes falta” sentitzen dute eta erakundeek zikloturismoa “negoziotzat” hartu dutela salatu dute.

Berriz Bizikletari Elkarteak, urtero legez, ekaineko lehenengo igandean —ekainaren 3an— antolatu gura zuen martxa zikloturista. Elkarteko kideek bazekiten BIBE Transbizkaia proba data berdina iragartzen zebilela, baina “federazioak zikloturista proben egutegian lehentasuna genuela ziurtatu zigun”, adierazi dute ohar batean. Hala ere, egunotan federazioak jakinarazi die martxa ezin dutela egun horretan antolatu. “Badirudi, Trafiko Sailetik ez dutela aurkeztutako data hori onartu eta aukera ezberdinak ematen dizkigute. Trafiko Sailak, bere egunean gure martxako bi ibilbide debekatu zizkigun. Eta nola da posible, beste batzuen ibilbideak baimentzea?”, galdetzen dute.

BIBE Transbizkaia ez dagoela federazioko zikloturista egutegian nabarmendu dute, “nahiz eta Bizkaiko Foru Aldunditik diruz laguntzen duten”. “Badirudi Aldundiak kirol federazioak ikuskatzen ez dituen proben aldeko apustua egiten duela”, salatu dute. Laburbilduz, federazioaren partetik “babes falta” sentitu dute eta “ez dugu erakundeek sustatzen duten txirrindularitza eredu horren alde egingo”.

Horregatik guztiagatik aurten Berrizko martxa zikloturista ez antolatzea erabaki dute. Aurten hamargarren aldia egingo zuen. Etorkizunera begira martxarekin jarraitu edo ez hausnartuko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!