“Bakoitzak ahuntz bat oparituko didala esan zidaten abeltzainen elkarteko kideek”

Maialen Zuazubiskar 2018ko ots. 11a, 10:30

Hamabost egun igaro dira Jose Javier Alberdiri Berrizen zuen txabolatik ahuntz taldea lapurtu ziotela. Alberdi etsita dago eta ahuntzak agertzeko “esperantza handirik” ez duela adierazi du.

Alberdik ANBOTOri aitortu dionez, ahuntz talde osoa ostu zioten: aker bi, 18 ahuntz eta 20 antxume. Horrez gain, zaldian ibiltzeko aulki bi ere lapurtu zizkioten. Abereen eta zaldian ibiltzeko aulkien balioa batuta, 6.000 euro inguruko lapurreta egin diotela jakitera eman du. Gainera, lapurtu dizkioten antxume batzuk asteon harategi batera eraman behar ei zituen.

“Abereek bizia ematen didate. Txabolara etorri eta orduak eta orduak eman ditzaket beraiek zaintzen eta ingurua txukuntzen”, aitortu du Alberdik. Beraz, lapurreta horrek, balio ekonomikoaz gain, balio sentimental “handia” ere badu berarentzat.

Duela hamabost bat urtetik hona zituen ahuntzak Jose Javier Alberdik Berrizko lursail honetan.  Ahutz azpigorriak, Euskal Herriko bertako ahuntz arraza, ziren denak, guztiak “pedigridunak, denak mimoz  eta ondo baino hobeto zaindutakoak”, adierazi du.

Alberdi BIAGE (Bizkaiko Azpi Gorri Elkartea) elkarteko kidea da eta elkartekoen partetik elkartasun osoa jaso duela esan du. “Egin didaten lapurretaren berri izan zutenean, bakoitzak ahuntz bat oparituko didala esan zidaten abeltzainen elkarteko kideek, nire ahuntz taldea eratu dezadan”, esan du.

Baina horrelako lapurretek ahuntzak berriro jartzeko “gogoa kentzen” diotela aitortu du.  “Beldurra ematen dit, berriz ere ahuntzak jarri eta berriro ostuko ote dizkidaten. Hala ere, abereek ematen didate bizia”, adierazi du.

Lapurreta, gauez
Lapurreta urtarrilaren 26an egin zioten, gauez. “Bariku gauetik zapatu goizera egin zidaten lapurreta. Barikuan bertan egon nintzen eta dena ondo utzi nuen. Zapatu goizean joan nintzenean, berriz, ahuntzik ez”, esan du Alberdik.

Orduan, Ertzain-etxera joan eta salaketa jarri zuen. “Bidean argi eta garbi ikusten zen norbait sartu zela, gurpil markak zeuden eta”, jarraitu du.

Bestalde, segurtasun neurri handiagoak hartzen dabilela jakitera eman du abeltzainak. “Lehen txakur bat neukan, eta orain beste bat ekarri dut. Gainera, kanpoko ateko sarraila ere aldatuko dut, itxura denez hemen dena da beharrezkoa eta”, bukatu du Alberdik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!