Bizkaiko kros txapelketa jendetsuena, neska gazteen parte hartze handiagatik

Joseba Derteano 2018ko urt. 17a, 17:18
Miguel Angel Aguado Berrizko kirol zinegotzia, Orland Isoird Berrizko alkatea eta Miguel Angel Munitxa Bizkaiko Atletismo Federazioko presidentea gaur egindako aurkezpenean.

Azken urteetan krosean dabiltzan neskan gazteen kopurua dezente hazi da eta horren lekuko izango da Berrizko proba.

Gero eta neska gazte gehiago dabiltza krosean eta hazkunde horren erakusgarri izango da domekan Berrizko Berrizburun jokatuko den Bizkaiko Txapelketa. 450 parte hartzailetik igaroko dira, ohiko kopurua 400era ez denean heltzen. “Neska gazteen parte hatzeagatik eman da hazkunde hori”, azaldu du Miguel Angel Munitxa Bizkaiko federazioko presidenteak. Kadeteetan eta gazte mailan mutilak baino neska gehiago ariko dira, esaterako, eta juniorretan parean izango dira. “Lehen hori ez zen ematen”, adierazi du Munitxak. Eskola kirolean ere nabaritzen den joera dela azaldu du. "Haur kategorian, esaterako, lehen lasterketa batean 50 neska batzen baziren, gaur egun 100etik gora batzen dira". Azken urteetan, mutil zein neska, oro har, krosean dabiltzan gazteen kopuruak gora egin du. "2015ean 1.000 fitxa inguru bagenituen gaur egun 1.400 inguru ditugu".

Domekako hitzorduari dagokionez, gizonen seniorretan DKT-ko korrikalariak (Oier Ariznabarreta, Ibon San Miguel, Aitor Mimenza, Ekaitz Kortazar…) dira faborito, banaka zein taldeka. Azken urteetako hegemoniari eustea dute helburu. Dabid Garciak (Durangaldea Running), lesio batetik bueltan eta entrenamendu gutxirekin, podiumerako lehian egon gura du. Emakumeetan Iraia Garcia zornotzarra da faborito nagusia.

Seniorretan ez, baina gazte mailetan Durangaldea Running-eko hainbat korrikalari irabazteko faboritoen artean daude: 20 urtez azpiko emakumeetan June Arbeo, 20 urtez azpiko mutiletan Paul Bereziartua eta Younnes Aselhy, eta, 16 urtez azpiko mutiletan Jonan Bilbao, Ion Cabada, Unai Iraolagoitia eta Aimar Ruiz de Azua, besteak beste.

Berrizen laugarren urtez jarraianantolatuko dute krosa. Hirutan Bizkaiko txapelketak erabaki dira eta behin Euskadikoak. Zirkuitua iazko antzerakoa izango da eta apurka-apurka nesken distantziak mutilenera parekatzen ari direla adierazi dute.

Mendeurrenaren osteko lehenengo lasterketa

Bizkaiko Atletismo Federazioak 100 urte egin zituen 2017ko abenduan. Mendeurrenaren osteko lehenengo lasterketa Berrizkoa izango dela azpimarratu dute. Sekulebedarra Kirol Klubaren laguntza izan dute antolakuntzan.

 

ORDUTEGIA - URTARRILAK 21

10:00; Kadete neskak.

10:20; Kadete mutilak.

10:45; Jubenil neskak eta junior neskak.

11:15; Jubenil mutilak eta junior mutilak.

11:50; Paralimpiko neskak eta mutilak.

12:05; Promesak eta senior gizonak.

13:00; Promesak eta senior emakumeak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!