Ekilibristak, malabaristak... badator zirkua Berrizera

Markel Onaindia 2018ko urt. 17a, 13:44

San Antonio jaietara zirkua etorriko da aurten, Ganso&Cia taldearen eskutik. Lapsus Kabaret izeneko ikuskizuna eskainiko dute sei artistak zirkuko modalitate batzuk, musika eta umorea nahastuta.

Hilaren 20an izango da ekitaldia, 12:00etan, pilotalekuan. Adin guztietarako egokia edo aproposa izango da, ume zein heldu, Gorka Gansok azaldu duenez. Ordubete inguru iraungo du.

Haria, umoretik
Iurretan bizi den Gorka Ganso izango da ikuskizunaren gidaria, klownaren paperetik aurkezle ibiliko dena. Txefo Rodriguezek zuzeneko musika eskainiko du tarte batzuetan, eta eurek biak izango dira emanaldiaren haria josiko dutenak, lau artistaren erakustaldien artean agertuta.

Abadiñon bizi den Endika Salazar malabaristaren artea ikusteko aukera egongo da, adibidez. Shakti Olaizola kontortsionistak eta Garazi Pascual kable gaineko ekilibristak ikusleak harritzeko saiakera egingo dute, eta Gorka Pereirak malabareak eta ekilibrismoa tartekatuko ditu. Horixe izango da saioko seikotea.

Saio bereziak
Durangon errotutako konpainia da Ganso&Cia. Hainbat antzezlan  sortu dituzte, eta herrian garatzen diren Maluta eta Topaklown jaialdien sustatzaile ere badira. Lapsus Kabaret ez da biran daramaten obra bat, zirkuko adierazpenen erakusketa umoretsu bat baizik. Aukera sortzen denerako prestatzen dute, zirku diziplinetan dabiltzan artistak gonbidatuta, lantzean behin batzuk. Horrek berezitasuna ematen dio saio bakoitzari. “Saio bakoitza desberdina da, taldea desberdina delako. Berrizko saioa ere aparta izango da”, esplikatu du Gansok. Umorea topatu gura duenak Berrizen edukiko du aukera, hilaren 20an.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!