Ibai Zabalaren ordez Alvaro Untoria sartu du Asegarcek

Joseba Derteano 2018ko urt. 16a, 18:34

Urrutikoetxeagaz binakako txapelketako partidu bi jokatu ditu berriztarrak. Lehenengoa irabazi eta bigarrena galdu egin du.

Mikel Urrikoetxeak Alvaro Untoriagaz jokatuko du domeka honetan Irribarria eta Merino II.aren kontrako partidua. Asegarcek Ibai Zabalaren ordez Untoria sartzea erabaki du, www.asegarce.com webguneko karteldegian agertzen denez.

Berriztarrak Andoni Aretxabaleta ordeztu zuen, markinarra lesionatu zenean. Aretxabaleta ere Ladis Galarzaren ordezko lanak egiten zebilen. Zabalak partidu bi jokatu ditu. Lehenengoan Urrutikoetxea eta biek 22-17 irabazi zuten Bengoetxea VI.aren eta Larunberen kontra. Joan zen asteburuko bigarrenean galtzea egokitu zitzaien: 14-22 Olaizola II.aren eta Imazen aurka.

Zabalak zapatu honetan jokatuko du berriro. Gorka Esteban aurrelaria eta biak Victor Estebanen eta Ladis Galarzaren kontra ariko dira Iruñeako Labrit pilotalekuan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!