“Berrizko jendeak asko eman digu, eta bueltan eman ahal izatea itzela da guretzat”

Markel Onaindia 2018ko urt. 16a, 09:00

Urtebete pasatxo da Worth It talde berriztarrak Closer izeneko bere lehen diskoa kaleratu zuenetik, eta hasiberriaren grina horregaz, bigarren lanari begira daude dagoeneko.

Erritmo bizia daramate, euren musikak bezala. Hori dela-eta, etapa bat zarratzeko aprobetxatu gura dute Berrizko San Antonio jaietan eskainiko duten kontzertua. Lehen diskoaren aurkezpen biraren despedida izango da. Hori egiteko, leku hoberik ez etxean baino. “Herriko jendeak asko eman digu, eta bueltan eman ahal izatea itzela da guretzat”, esplikatu du Odei Arrizabalagak, taldeko abeslariak.

Herrian, aurretik Hiltegixe gaztetxean jo izan dute, eta orain Kultur Etxean arituko dira estreinakoz. Formatu berezian gainera, 360 lez ezagutzen dena. Musikariak eta entzuleak, denak eszenatoki gainean egongo dira; taldekideak erdian, eta zaleak euren inguruan. Beraz, kontzertu gertukoa eta beroa izango da. Elkarren gainean amaitzeko arriskuaz galdetuta, “hori da gura duguna”, dio Arrizabalagak umorez. Horrela, Worth It-en kontzertuak emanaldi berezia izateko osagai asko edukiko ditu.

Hardcorea protagonista izango den gauean We Ride talde galiziarra ere igoko da taula gainera. Nazioartean ere mugitzen den taldea da, eta euregaz jotzea “plazer bat” izango dela nabarmendu du Berrizko taldeko abeslariak. Hilaren 20an, 21:30ean hasiko da kontzertua. Sarrerak 6 euroan egongo dira salgai, eta Berrizko Kultur Etxeko bazkideek euro biko deskontua edukiko dute erosterakoan.

Uda aurretik kalean
Urte hasiera honetan joan gura dute grabazio estudiora Worth It-
ekoek. Abestirik gehienak sortuta dituztela azaldu du Arrizabalagak; behin grabazioa eginda, uda aurretik disko berria kalean egotea gurako lukete. Taldearen aurkezpenerako erabilitako Closer diskoaren ostean, lehen lan luzea izango da. Taldearen izaerari helduta, pieza labur eta arinak batuko ditu, baina “estiloa gehiago zehaztuta” ikusiko dela uste du abeslariak.

Horrez gainera, taldekide berri bategaz ekin diote etapa berriari. Izan ere, aurrerantzean Ander Aretxaga ibiliko da bateria-jotzaile.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!