Berrizko nekazal olinpiadetan parte hartzeko aurrez izena eman beharko da

Maialen Zuazubiskar 2018ko urt. 10a, 15:25

Urtarrilaren 22an egingo dituzte nekazal olinpiadak Berrizen.

2011n berreskuratu zituzten nekazaritza-olinpiadak Berrizen, eta orduz geroztik ekintza honek herritar asko batzen ditu urtero-urtero. Urtarrilaren 22an, 19:00etan, frontoian, bost laguneko taldetan batuta, zenbait proba egiten dituzte herriko gazte zein helduek. Hori horrela, animatzeko etai olinpiadetan parte hartzeko dei egin die Bego Madariaga zinegotziak berriztarrei. “Ekintza oso polita da, eta, ikusle izateaz gain, berriztarrak parte-hartzaile izatea gura dugu”, esan du Bego Madariagak.

Nekazaritza-olinpiada hauetan parte hartu gura dutenek urtarrilaren 18a baino lehen eman beharko dute izena.

Olinpiadak hilaren 22an izango diren arren, Antonio Deunaren jaiak urtarrilaren 16an hasiko  dira. Berrizen ohitura den lez, aurten ere tabernarik taberna eramango dute Donien Atxa. Ostean, 20:30ean, Olakueta plazan jarriko dute.

Jaietan zehar hainbat jarduera antolatuko dituzte. Barikuan, esaterako, sagardotegi ibiltaria egongo da eta, ondoren, odoloste jana egingo dute. Zapatuan, berriz, L’Atelierreko dantzariek euren ikuskizuna eskainiko dute eta, ostean, Luhartzek erromeria eskainiko du Olakueta plazan.

Hilaren 21erako, eskualdeko barazki eta fruitu erakusketa, artisau txokoa eta baserriko oilasko dastaketa antolatu dituzte olakuetarrek.

Berrizko San Antonio jaiei urtarrilaren 30ean emango diete amaiera. 19:00etan Donien Atxa kendu, eta 21:00etan afaltzeko batuko dira olakuetarrak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!