“Inoiz ez dugu inon lekurik aurkitu; rockzaleentzat poperoegiak izan gara, eta popzaleentzat rockeroegiak”

Aritz Maldonado 2017ko abe. 22a, 13:10

Bi hamarkada daramate elkarregaz errepidean Iokin, Iñaki eta Ekain Elortza anaiek, Julen Oarbeaskoagaz batera, Seiurte taldeagaz. Urteurren ospakizuna borobiltzeko, kontzertua eskainiko dute gaur etxean, Berrizko Hiltegixe gaztetxean. Iokin Elortza gitarrista eta abeslariagaz batu da ANBOTO.

Zer moduz joan da urteurrena?
Inoiz ez gara izan gauza handiak antolatzekoak edo horrelako gauzei garrantzia ematekoak, baina hogei urte ez dira egunero betetzen, eta agian horregatik, zerbait berezia egitea pentsatu genuen. Gauza gutxi batzuk, baina bereziak. ‘Hogei urte’ abestian oinarrituta guztiak.

Luzea egindako bidea abesten duzue bertan. Luzea egin zaizu ibilbidea? Nola lortzen da hogei urte elkarregaz ematea? Eta nondik ateratzen duzue aurrera egiteko grina?
Gure kasuan, harreman sendoa edukita; harreman pertsonal oso ona ez badago, ezinezkoa da. Garrantzitsua da, baita ere, bakoitza gustura egotea taldean duen lekuagaz, duen pisuagaz. Askotan tirabirak egoten dira musika taldeetan, eta guk ez dugu horrelakorik eduki.
Grina, ostera, musikarekiko maitasunetik dator. Ezinezkoa litzateke, bestela, ibiltzen garen bezala ibiltzea, gaueko ordu txikietan entseatzen, kilometro piloa egin ostean lau katuren aurrean kontzertuak eskaintzen... sekulako afizioa behar duzu, bestela ezin zaiolako eutsi.

Gaur berriro elkar izango gara bakartien rockaren uhartean. Bakarrik sentitu zarete?
Abestia gure ibilbideari buruzko metafora bat da. Gu beti sentitu gara bakarrik, bai musikalki eta baita publiko aldetik ere. Ez diogu negatiboki, ez da kexa bat, baina horrela da. Talde batzuek arrakasta gehiago dute, eta beste batzuek gutxiago; hau da gurea eta konforme gaude.

Ulertu daiteke ez direla rockaren garai onenak ere?
Gazteak ez doaz rock kontzertuak ikustera, pisua galdu du beraien artean. Beherakada nabarmena egon da kontzertuetan. Badaude talde gutxi batzuk jende asko mugitzen dutenak, baina talde askok oso jende gutxi mugitzen dugu. Duela hogei urte ez zen horrela, publikoa zabalagoa eta anitzagoa zen, eta kontzertuak jendetsuagoak ziren. Garaiak aldatzen dira, eta horrek ez du zertan negatiboa izan. Ni pozik nago kontzertu batera joan eta zahar ez sentitzeagaz, hori abantaila bat da (barrez).

Izan zarete nekean hauspoa, zuentzat, gure eskerrik onenak.
Noski nekea sumatu dugula, derrigorra da hogei urtean. Kopuruz, jarraitzaile gutxi eduki dugu, baina oso fidela izan dena; beti animatu gaituzte, eta hori eskertu egin behar da. Gure familietan ere, gure afizioa sufritzen dute, denbora asko kentzen digulako, eta beraiei ere eskertu behar diegu.

Durangaldean bakarrenetakoak zarete horren ibilbide luzeagaz, are gehiago pop-rock doinuak jorratzen dituztenen artean.
Guk ez dugu inoiz eszena propiorik eduki, beti izan gara talde bakarra. Askotan, kontzertua nogaz jo ere ez dugu jakin. Inoiz ez dugu inon lekurik aurkitu, baina ez dugu bilatu ere. Rockzaleentzat poperoegiak gara, eta popzaleentzat rockeroegiak. Baloratzekoa da Alerta durangarren kasua, adibidez, hainbeste urtez lanean, borrokan. Hainbeste urteren ostean jarraitzen duten taldeak, eta batez ere arrakasta gehiegirik ez dutenak, horiek dira idolorik handienak.

Ezpala [Estoldetan, 2015] diskoaren jarraipena kaleratzeko asmorik?
Hasi gara lanean, baina inolako datarik barik, gure ustez onak diren zortzi edo hamar abesti edukitzerakoan kaleratuko dugu diskoa. Kontzertu batzuk ere eskainiko ditugu 2018an zehar.

Hogei urtean anekdota ugari, ezta? Aipatzeko modukoren bat?
Gaztea maketa lehiaketa irabazi ostean, Supergrass taldeagaz jo genuen kontzertua, Bilboko Kafe Antzokian. Horrek oihartzuna eman zigun, eta diskoa kaleratzeko aukera hori da, zalantzarik barik, momenturik inportanteena. Baina bai, mila momentu bizi izan ditugu. Nahiko ibilbide konstantea eduki dugu, eta duina. Jende ugari ezagutzeko aukera ere eman du taldeak.

Hogeigarren urteurrena borobiltzeko, festa berezia Berrizko Hiltegixe gaztetxean

Gaurkoa zerbait berezia izatea gura dute Seiurteko kideek. Kontzertu bat baino gehiago, festa bat. “Etxekoekin ospatzea gura genuen, lagunekin, familiakoekin, herrikoekin”. Berriztarrez gain, Kokein eibartarrak ere arituko dira taula gaineran. “Garaikideak dira, eta estilo aldetik ere konexioa eduki dugu beti”. Festa ixteko, Dj Wahak musika jarriko du. Urteurrenaren ardatza Hogei urte abestia izan da. Honen grabazioa ere lagunarteko kontua izan zen. “Morgan taldekoak aspaldiko lagunak dira, musikalki piloa gustatzen zaizkigu, eta argi geneukan beraiekin egin behar genuela grabaketa”, azaldu du Elortzak. Abestiaz gainera, bestelako ekimenak ere egin dituzte urteurrena ospatzeko. Horrela, Kontzertu sorta berezia eskaini dute hileotan berriztarrek. Hileotan, Madrilen eta Galizian egon dira, adibidez, eta udan Mundaka Festival jaialdian jotzeko aukera izan zuten. “Berezia izan zen, ez gaudelako ohituta horrelako jaialdietan jotzera”. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!