Berriztarren artean 150.000 eurogaz zer egin erabakiko dute

Markel Onaindia 2017ko abe. 13a, 10:34

2018rako udal aurrekontua onartu dute Berrizen, EAJren aldeko botoekin. Besteak beste, aurrekontu parte-hartzaileetarako 150.000 euro gordetzea zehaztu dute. Abeletxe kalea norabide bakarreko bihurtzeko 155.000 euro erabiliko dituzte, eta gizarte ekintzan iaz baino 65.000 euro gehiago ipiniko dituzte. Hiri Antolamendurako Plan Orokorra martxan ipiniko dute, eta Euskaran eta Kulturan ere inbertsioak mantenduko dituztela esplikatu zuen atzoko bilkuran Orlan Isoird alkateak. 

EH Bilduk aurrekontu proposamenaren aurka bozkatu zuen, eta hain zuzen ere, kulturan eta jaietan 12.000 euro gutxiago egongo direla salatu zuen Karmen Amezuak, Isoirden esanaren aurka. Beste makina bat arrazoi eman zituen aurrekontuen aurka bozkatzeko. Aurrekontua 212.000 euro handiagoa da, baina Aldundiko udalkutxarekiko "menpekotasuna" edukitzea arduratzekoa dela uste du Amezuak. Gainera, udal autonomia "zalantzan jartzeko" arriskua aipatu zuen, zerbitzu batzuk azpikontratatzeagatik, besteak beste.

Bestalde, PSE-EEko zinegotzia ez zen batzarrera agertu.

Berriz Susa, berriro eztabaidan
Gobernua eta oposizioa banatzen dituen gai garrantzitsu bat izaten segitzen du Berriz Susa hirigintza sozietatearenak. 1,8 milioi euroko isuna ordaindu behar du udalak, sozietateak 2003an egindako adjudikazio irregular bategatik. Horrela, 10 bat urterako zorpetu behar izan da banketxeekin, eta aurrekontuan integratzen da zor hori. EH Bilduren ustez, orduko arduradun politikoek ordaindu beharko lukete isuna, ez udalak. Isoirdek "afekzio bat" dela onartu zuen bilkuran, baina gaia duela urte bi aztertu zela, eta "ahalik eta eragin gutxien izateko ahalegina" egin zutela nabarmendu zuen. 

Oraindik bizirik dago Berriz Susa sozietatea, eta bere gestioan ere ez daude ados. EH Bilduk alokairu soziala bultzatu gura du, baina EAJren gobernuak etxe salmentan ere sinesten du. Aurten ere, 120.000 euro espero dituzte etxe bat saltzeagatik. Amezuaren ustez, ondare bat saltzea da hori, sozietatearen zorra ordaindu ahal izateko. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!