2017an ia 100.000 euro ordaindu beharko ditu udalak Berriz Susa auzia dela eta

Maialen Zuazubiskar 2016ko aza. 29a, 10:43

2017rako 5.525.000 euroko udal aurrekontua onartu dute EAJko eta PSE-EEko zinegotzien aldeko botoekin. EH Bilduko lau zinegotziak, berriz, aurrekontuen kontra agertu dira azken udalbatzarrean. EH Bilduko Karmen Amezuak azpimarratu zuenez, "herriak horrelako aurrekonturik ez du merezi".

Datorren urterako 2016an baino 126.000 euro gutxiago izango dituen udal aurrekontua onartu dute Berrizko udalbatzarrean. 5.525.000 euro izango dituen aurrekontutik, ia 100.000 euro, Berriz Susa auzia dela eta udalak duen zorrari aurre egiteko erabiliko dituzte eta 549.000 euro inbertsioetarako.

EH Bilduko kideak kritiko agertu ziren gobernu taldeak egindako aurrekontuekin. Koalizioak azaldu zuenez,  "herriak ez du gutxi batzuen isuna ordaindu behar, herriak ez du horrelako traturik ezta aurrekonturik merezi". 2016 urtean baino, 226.000 euro gutxiago izango dituztela azpimarratu zuen, behin eta berriz, EH Bilduko Karmen Amezuak. "isuna ordaintzeko 100.000 euroak herriak ez baititu disfrutatuko". Horrez gain, gobernu taldeari herritarren aurrean azalpenik ez eman izana leporatu zieten EH Bilduko kideek.

EH Bilduren kritikei erantzunez, Orland Isoird alkateak azaldu zuenez, "badakigu diru hori herriak ezin izango duela erabili eta kaltegarria dela. Hala ere, gauza batzuk hobetu daitezkeen arren, aurrekontu duin batzuk egin ditugu". Bestalde, urtea bukatu baino lehen, herritarrei azalpenak emango dizkietela jakinarazi zuen alkateak

549.000 inbertsioetarako

Atzoko udalbatzarrean, 5.525.000 eurotik 549.000 euro inbertsioetarako erabiliko dituztela jakitera eman zuen gobernu taldeak. Horietatik 310.000 euro Iturritza-Learreta-Markina errepiderako erabiliko dituztela jakitera eman zuten, 150.000 euro aurrekontu partehartzaileetara eta 57.000 euro Legañoko basoko ordainketa egiteko.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!