Urte osoan berrizko hainbat emakumek egindako lanak fruituak eman ditu berriro ere. Berrizko Caritaseko emakumeek 26. Tonbola Solidarioa egingo dute asteburu honetan. Barikutik domekara, goizez (10:00-14:00) zein arratsaldez (16:30-20:00) euro baten truke tonbolan parte hartzeko aukera egongo da.
Antolatzaileek jakitera eman dutenez, ehundaka sari banatuko dituzten tonbola solidarioan batutako dirua Mexikon, Venezuelan eta Kongon dauden herriko misiolariei, herriko parrokiari eta Berrizko Caritasi bideratuko diete.
"Oso pozik gaude urte guzti hauetan berriztarrek eta eskualdeko gainontzeko herritarrek izandako erantzunaz. Eta zihur gaude, aurten ere, herritarrek erantzun bikaina emango dutela", adierazi dute antolatzaileek.