Zerga eta tasa batzuk %1’5 igoko dituzte Berrizen

Maialen Zuazubiskar 2017ko aza. 21a, 16:20

Joan zen asteko udalbatzarrean zerga eta tasa batzuei %1’5eko igoera aplikatzea onartu zuten. Berrizko Udaleko zinegotzi guztiek eman zuten aldeko botoa.

Ibilgailuen gaineko zergari, esaterako, igoera aplikatuko diote, eta obra eta instalakuntzen zerga eta Ondasun Higiezinen gainekoa izoztu egingo dituzte. “OHZ igotzearen gainean kezka eta zalantza asko izan ditugu. Baina, azkenean, aurten izoztea erabaki dugu”, adierazi du Orlan Isoird Berrizko alkateak.

Tasetan, %1,5 igoko dituzte uraren, zaborraren, saneamenduaren, kirol zerbitzuen, hilerriaren eta ezkontza zibilen tasak, besteak beste. Estolderiaren, auzo-taxiaren eta establemizmenduen tasek, esaterako, bere horretan jarraituko dute.

Bestalde, aurreko asteko osoko bilkuran, abeltzaintza eta nekazaritza ustiaketek saneamendu eta zaborren tasetan%50eko bonifikazioa izango dutela jakitera eman zuten Berrizko Udaleko kideek.

Hala ere, bonifikazio hauek jasotzeko, abeltzaintzako instalazioek Bizkaiko Foru Aldundiak emandako abeltzaintza-ziurtagiria izan beharko dutela eta nekazaritzako erabilera duten instalazioek Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribaturik egon beharko dutela jakitera eman dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!