“Learreta-Markina kaleko lanen proiektua duela askotik dago mahai gainean, eta datozen hilabeteetan burututa egongo dela esan dezakegu”, adierazi du Orlan Isoird alkateak.
Egun, Learreta-Markina kalean norabide biko errepidea, aparkalekuak eta errepidearen alde banatan espaloi estu bat dago. “Orain dagoen moduan kaleak ez du irisgarritasuna bermatzen, eta proiektua amaitutakoan eskola aurre guztiak irisgarritasuna bermatuko duela esan dezakegu”, esan du Orlan Isoirdek.
Egunero ehunka ume biltzen dituen kalean lanak bukatu ostean, bost bat metroko espaloiak izango dituela jakitera eman du alkateak. Horrez gain, proiektu berri honi esker, zebrabide gehiago ere egongo dira, herriko gazteen eta, oro har, berriztarren segurtasuna bermatu dadin. “Eskola batek irisgarritasuna izatea ezinbestekoa da, eta honen inguruan segurtasuna egotea ere bai”, esan du Isoirdek.
Neurri berri honen aurrean, Learreta-Markina eskolako guraso elkarteko kideak pozik agertu dira. “Oso pozik gaude egingo diren lan hauen aurrean”, adierazi dute guraso elkarteko kideek. “Kale horretan ez dago segurtasunik eta umeek izugarrizko arriskua daukate”, gaineratu dute.
250.000 euro inguruko aurrekontua duten lanak amaitzen direnean, Learreta-Markina kaleak norabide bakarra izango du, goranzkoa bakarrik, eta herrira sartu gura duten autoek Abeletxe Etxetaldea kaletik egin beharko dute.
“Goranzko erreia bakarrik egotea oso garrantzitsua da guretzat. Gaur egun, beherantz datozen autoak normalean herrigunetik datozenak baino askoz bizkorrago etortzen dira, eta horrek oinezkoen arriskua handitzen du”, bukatu dute guraso elkarteko kideek.