‘Apustua’ eta ‘Hozkailua’ antzerki obrak, gaur eta bihar, Berrizen

Itsaso Esteban 2017ko urr. 27a, 13:56

Berrizko Kultur Etxean eskaintza bikoitza daukate antzerkizaleek, gaur eta bihar. Berrizko sortzaileak tartean dituzten bi proposamen dira, gainera, Kultur Etxeko programazioak gaurko eta biharko jasotzen dituenak.

Gaur, 18:00etan, Berrizko Kultur Etxean Apustua eskainiko du Txintxaun kolektiboa taldeak, bigarrenez.
Publiko familiarrari zuzenduriko antzezlana da Txintxaun Berrizko taldearena, Fernando Torrecillak idatzitako ipuinaren antzerkirako moldaketa. 1963an Berrizen jazotako egiazko istorio bitxi bat dago Torrecillak idatzitako ipuinaren zein Txintxaunek landutako antzezlanaren oinarrian: Berrizko probalekuan idien kontra aritzeko zirkutik ekarri zuten Mary elefantearen istorioa.

Berrizen bizi den Ander Lipusek eta Patricia Urrutia aktoreak Hozkailua eskainiko dute, Berrizen, bihar, 22:00etan. Unai Iturriaga durangarraren testua dauka Huts Teatroa taldearen antzezlan horrek. Jimmy gaztetako laguna hil zaien Maite eta Karlos dira Hozkailua antzezlaneko protagonistak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!