“Durangon 120-140 dozena arrautza salduta nago goiz batean; orain, 20 dozena ere ez”

Aitziber Basauri 2017ko urr. 22a, 10:30

Bizitzeko, gurago baserria kalea baino. Dudarik ez du Miren Intxaurragak. Bestelakoa da giroa bere berbetan. Hori bai, lan gehiago ere egin behar da. “Beti dago zeregina baserrian, ez dago ordu librerik”, dio. Bizi guztia baserrian lanean darama Mirenek, eta dena oso desberdina dela dio.

Zenbat urte baserria gobernatzen?
Baserrian jaiotakoa naiz ni, eta 24 urtegaz ezkondu nintzen Berrizera, Errotaberri baserrira. Orduan behi bi genituen, oiloak ere bai. Bizi guztia daramat baserrian lanean. 13 urtegaz Mallabitik Eibarrera joaten nintzen astoa hartuta, esnea saltzen. Eguenetan, salgaiak ere eramaten nituen plazara. Goizetan Eibarrera, eta arratsaldetan eskolara joaten nintzen.

Asko aldatu da baserria?
Asko! Bizimodua guztiz aldatu da. Gure gaztaroa eta gaur egungoa ez da berdina. Dena aldatu da. Onera ala txarrera? Ez da erraza asmatzen. Oso desberdina da.

Miren arrautzerie lez ezaguna zara Berrizen.
Bai, arrautzak saltzen genituen lehen. Etxerik etxe, tabernetan... saltzen genituen. Baina, apurka-apurka, salmentak jaisten joan ziren. Senarra 45 urtegaz hil zen, eta, gero, semea ibili zen arrautzak banatzen. Baina, horregaz bizimodua ezin zela aurrera atera ikusita, beste lan batean hasi zen, eta utzi egin genion arrautzak etxerik etxe saltzeari. Durangoko plazara baino ez genituen eramaten. Gaur egun ere jarraitzen dut.

Nolako plaza da Durangokoa?
Oso plaza ona izan da, baina orain oso gutxi saltzen da. Durangon 120-140 dozena arrautza salduta nago goiz batean, duela 40-50 bat urte. Orain, 20 dozena ere ez ditut saltzen. Ez nintzen ni bakarrik gainera. Hiruzpalauk saltzen genituen eta denontzat zegoen tokia. Orduan, jendea merkatura joaten zen. Merkatua bete egiten zen. Orain inor ez dabil. Saltzaileak gutxi, eta erosleak ere bai. Hala ere, etxean badugu genero nahikoa, eta plazara joaten jarraitzen dut. Gustatu egiten zait joatea. Sagarrak, kiwiak eta ortuko barazkiak ere eroaten ditut plazara.

Galdu egingo da merkatua?
Oraingo martxan, baietz esango nuke. Saltoki handiak zabaltzen hasi zirenean hasi zen galtzen. Jendeak ez du lehenagoko ohitura plazara joateko eguneko jeneroa erostera. Denetarik dugu dendan. Lehen, sasoian sasoikoa baino ez zegoen; orain, urte guztian duzu edozer, dena. Supermerkatu handira joaten gara eta gurdia betetzen dugu, jeneroa nongoa den begiratu ere egin gabe.

Badago baserritik bizimodua aurrera ateratzerik?
Baserri handia eta produkzio handia behar dira horretarako. Baserrian bizita, etxeko norbaitek kanpoan lan egiteak ere laguntzen du, baina oso gaitza da. Norberak ere bizi egin behar du.

Gazteak berriro ere baserrietara hurbiltzen ari dira. Nola ikusten duzu hori?
Poztu egiten nau. Garai batean asko eta asko kalera joan ziren, baserriak utzita. Pinua etxeetaraino sartu zen. Tristura sortzen dit horrek. Orain, berreskuratzen ari dira baserri asko.

Berton bertokoa sustatzen hasi dira herrietan.
Bai, gazteak horretan hasten badira, baliteke aldatzea, baina...

Lana eskatzen du baserriak?
Bai. Baserria ez da kalea lakoa. Abererik ez baduzu ere, lan egin behar da. Eta are gehiago abereak badituzu. Ezin dira abandonatu.  

Emakumeak izan dira baserrietako ardatza eta euskarria. Nola bizi izan duzu hori?
Beti tokatu zait lana egitea. Zazpi neba-arreba ginen eta denok lagundu behar genuen. Garai batean garia ere batzen genuen. Emakumeak pisu handia izan du baserrian, bai. Andrazkoek gauza asko egiten zituzten gure sasoian: soroan edo ganaduagaz, adibidez. Aparte, etxeko lanak. Gizonezkoek ere lan asko egiten zuten, baina desberdina zen.

Orain ez dauden beste lan batzuk egiten ziren?
Lehen inguru guztia soroa zen, landutakoa. Orain zelaia da dena. Oso gutxi da landutako lurra. Ganaduarentzako zelaia da gehiena. Negutegiak jartzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!