Bere bizitza kirolari buru-belarri eskaini diola esatea ez da ahoberokeria, 12 urte zituela izan zuen-eta estreinaldia, 1975ean. Adin-nagusitasunera heldu aurretik, 17 urtegaz, Suitzan borrokatzeko aukera eman zioten. “Esperientzia berezia izan zen, aukera hori eskaintzea ondo nenbilen seinale zelako”. Hurrengo hamarkadetan bere palmaresa loratuko zuten lorpenak erdietsi zituen, Espainiako hiru txapelketa —full contact-ean—, besteak beste. Europako txapelketan azpitxapeldun geratutakoa ere bada.
Ez du ibilbide erraza izan. Arantzak ere izan ditu bidean, baina bizitzako “irakasbide” moduan hartu ditu. Eta ibilbide luze horren amaieran, “bere buruagaz bakean” erretiratzeko aukera eskaini dio hainbeste eman dion kirolak. Kickboxingean Espainiako Txapelketa lehiatzeko aukera eskaini diote aurten. “Baietz erantzun nuen. Merezitako moduan erretiratu gura nuen. Hainbeste urteko ibilbidearen ostean azalpenik eman gabe erretiratzea tristea iruditzen zitzaidan. Beraz, azken borrokaldi moduan hartu nuen”, gogoratu du. Azkenean, ekainerako aurreikusitako borrokaldia ez zen gauzatu, aurkariak ez zuelako mediku-azterketa gainditu. Borrokaldirik ez, baina bila zebilen sentsazioak aurkitu zituen eta gerrikoari eutsi zion. Ez zuen gehiago behar.
Aurrerantzean bere beste pasioan zentratuko da: klaseak ematen, irakasle. Berrizen 30 urtetik gora daramatza karate klaseak ematen eta, Durangon, Maristetan, kicboxinga irakasten du. Zaldibarren eta Elorrion ere irakasle aritutakoa da. “Asko gustatzen zait. Kolpeak irakastea baino gehiago da. Ikasleak ezagutu behar dituzu, zer arazo duten eta zelan lagundu ahal zaien. Psikologo lana ere eskatzen du. Heziketa prozesu bat ere bada, azken batean. Nik horrela ulertzen dut eta modu horretara jokatzen ahalegintzen naiz”, adierazi du berriztarrak.