Nebrashka Durangaldeko taldearen kontzertuagaz hasiko dute ikasturtea Berrizko kultur etxean

Itsaso Esteban 2017ko ira. 19a, 13:14

Irailaren 28an hasita, abendura arte, Berrizko kultur etxeak egingo duen eskaintza kulturalaren berri eman dute, gaur, udaletxean eskaini duten prentsaurrekoan. Egitarau horren barruan euren lana erakutsiko duten, Ander Lipus, Patxo Telleria eta Mikel Martinez aktoreak eta Sergio Moreno marrazkilaria, Bego Madariaga eta Karmen Amezua zinegotziak eta Seve Alava kultura teknikaria batu dira aurkezpenean.

Musikagaz ekingo diote ikasturte berriari Berrizko kultur etxean: irailaren 28an, bere lehenengo kontzertua eskainiko du Nebrashka Durangaldeko taldeak, eta Gontzal Mendibil arituko da, 30ean. Mendibilen kontzertu hori Mikel Deunaren baselizan antolatu dute, Bego Madariaga zinegotziak nabarmendu duenez, “kultur etxetik kanpoko espazioetara ere” zabaldu gura duelako udalak kultur eskaintza.

Oparoa da musikazaleek ikasturteko lehen hiruhilekoan Berrizko kultur etxean topatuko duten zuzenekoen eskaintza: Aire aizpak, Aitor Etxebarria, Jardin de la Croix, Astralia, edota Empty Files izango dira entzungai. Kultur etxeak gaur argitara eman duen programazioan agertzen ez den arren, Anarik ere joko du Berrizko kultur etxean. Urriaren 21ean izango da emanaldi hori.

Hozkailua eta Ez Dok Hiru

Gaurko aurkezpenean, baina, antzerkigileek hartu dute hitza: Ander Lipus, Patxo Telleria eta Mikel Martinez aktoreak gonbidatu dituzte agerraldian parte hartzera. Izan ere, bizi den herri horretako kultur etxean eskainiko baitu Ander Lipus aktoreak, urriaren 28an, Hozkailua obra. Unai Iturriaga durangarrak idatziriko obra da, gaztetan punkyak izan ziren hiru lagunen istorioa kontatzen duena. Lipusek azaldu du, Berrizko kultur etxean egin zituztela obra honen hasierako entseguak, eta oso eskertuta agertu da bertako arduradunek "erakusten duten sentsibilitateagatik”. Formatu handiko Frankoren bilobari gutuna eta gero, formatu txikiagoko obra bat sortu gura izan zutela azaldu du Lipusek. Hozkailua da emaitza.

Aldiz, euren ohiko bikote formatuagaz barik, muntaia handiagoagaz etorriko dira Berrizera, Ez Dok Hiru taldeko Patxo Telleria eta Mikel Martinez. Abenduaren 10ean eskainiko dute Euskal musikaren benetako istorioa ikuskizuna. “Euskal kantagintzari errepaso eroa”, Telleriaren berbetan. Ikuslegoa dibertitzea ezezik, euskal kantutegian “dugun altxor handiaz" ohartaraztea gura dute aktore bilbotarrek.

Morenoren erakusketa

Egitarau “anitza” da gaur aurkeztu dutena. Karmen Amezua zinegotziak nabarmendu duenez, “azken urteetan egiten saiatu garen bezala, euskal kultura eta euskara bultzatzeko helburuagaz prestaturikoa”. Besteak beste, gaur pretsaurrekoan parte hartu duen Sergio Moreno berriztarraren erakusketa bat ere hartuko du kultur etxeak. Grafitoz egiten dituen margolan errealistak erakutsiko ditu, lehenengoz, urriaren 20tik azaroaren 12era arteko erakusketan.

Berrizen etxez-etxe banatuko dute, eta sarean ere ikusgai ipini dute egitaraua

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!