Bote luzea, pilotaren modalitate berezia ezagutzeko aukera dago Berrizen

Anboto 2017ko ira. 6a, 15:37

Bost bosten kontra eta aurreko horma barik aritzen dira esku pilotako modalitate honetan.

Berrizburuko frontoi irekiak Bizkaiko selekzioaren estreinaldia hartuko du zapatuan.

Bote luzea izeneko modalitatea pilotarekin horma jo barik jokatzen da: Bost pilotari frontoiaren alde batean eta beste bost bestean, pilota aurkariaren aldera botatzen, tenisean antzera. Euskadiko Pilota Federazioak modalitate hau berreskuratzeko ahalegina hasi zuen iaz Euskadiko txapelketa antolatuta. Lapurdiko eta Gipuzkoako selekzioek parte hartu zuten. Aurten, Araba ez beste, Euskal Herriko probintzia denak animatu dira eta Bizkaiko selekzioak Berrizen jokatuko ditu etxeko partidu denak.

Estreinaldia zapatu honetan, 17:00etan, hasiko den jaialdian izango dute. Bizkaiko selekzioak iazko txapelduna den Lapurdiren kontra jokatuko du Berrizburuko frontoi irekian. Bizkaiko taldea 15 bat pilotarik osatzen dute eta horietatik zazpi (bost titular eta bi aldaketa) aukeratuko dituzte zapatuko hitzorduari begira. Oraindino aukeraketa egin barik dago, baina hainbat eskualdekoak izango dira. Izan ere, Durangaldeko pilotari dezente dago taldean: Ander Antxia, Aitor Arabiourrutia, Asier Aspuru eta Egoitz Amantegi abadiñarrak, Mikel Gonzalez berriztarra, Ander Martin mallabitarra eta Unai Elguezabal durangarra. Horietako hiru-lau Berrizen ikusteko aukera egongo da.

Datorren asteburuan, irailaren 16an, Bizkaiak Berrizen jokatuko du berriro Gipuzkoaren kontra.

Emakumeen paleta goma partiduak

Partidu berezi horren aurretik, emakumeen paleta goma zirkuituko laugarren jardunaldiari dagokion partidua jokatuko dute Olatz Arrizabalagak eta Laura Saezek (iazko txapelduna) Miren Goikoetxearen eta Itsasne Agirreren kontra.

Paleta goman gaur egun dauden izarrik handienetakoak dira. Horien mailara heltzea dute amets atariko partiduak jokatuko dituzten gazteek. Berriz, Abadiño eta Elorrioko pilotarien arteko partiduekin hasiko dute zapatuko jaialdia.

Berrizek iaz hartu zuen nesken zirkuituko partidu bat lehenengoz. Aurten bide horri jarraipena emango diote emakumeen kirola sustatzea dutelako helburu, Orland Isoird Berrizko alkateak eta Miguel Angel Aguado kirol zinegotziak gaurko prentsaurrekoan azaldu dutenez.

Eguraldiaren baitan

Partidu denak frontoi irekian dira eta horrek arrisku bat du: eguraldia. Iragarpenek zapatuan euria egiteko arrisku handia dagoela diote. Beraz, baliteke partiduak egunez aldatu behar izatea.

Ezkerritik hasita: Orland Isoird Berrizko alkatea, Kepa Arroitajauregi Munduko Pilota Batzarreko zuzendari teknikoa eta Euskadiko Pilota Federazioko koordinatzailea eta Miguel Angel Aguado Berrizko Udaleko kirol zinegotzia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!