Aitor Agirre: “Taldekideok lagunak gara; harreman hori ez da etengo Betagarri amaitu arren”

Itsaso Esteban 2017ko ira. 4a, 08:02
Betagarrik Hatortxu Rock jaialdian jo zuen azkenengo kontzertuko irudia. Argazkia: Saioa Gauilunak

14 urtegaz Eta Zer taldeko lagunekin musikan hasitako bideak 17 urtez Betagarri taldean jotzera eraman du Aitor Agirre Gimenez (1975) berriztarra. Hatortxu Rock jaialdian, uztail amaieran, eskaini zuen Betagarri taldeak azken kontzertua. 

Duela hilabete egin zenuten Betagarriren agur kontzertua Hatortxu Rocken. Zer moduz joan zen emanaldi hura?
Egin dugun ia bi urteko geldialdiaren ostean, oso polita izan zen berriro elkarregaz jotzea. Oso argi geneukan erarik naturalenean joan gura genuela, ez genuela agurraren kontua luzatzen ibili gura... Egin dugun bezala, zarata askorik egin barik joan gura genuen.

Sentikortasun handiko kontzertua izango zen, ezta?
Gauza asko mugitu zitzaizkigun barruan, bai! Urte asko izan dira, hamaika esperientzia, bira luzeak... Lagun pilo bat etorri zen kontzertura, eta nabari zen egun berezia zela. Oso pozik geunden. Taldekideok lagunak gara, eta harreman hori ez da etengo Betagarriren ibilbidea amaitu arren. Kontaktu estua mantentzen dugu. Elkarregaz zuzeneko gehiago ez dugula egingo, hori da aldatuko dena...

Zerk eraman zintuzten duela bi urte geldialdia egitera?
Orain taldea desegiteko erabakia hartu dugun moduan, erarik naturalenean erabaki genuen atseden hartzeko eta gogoeta egiteko denbora hartzea duela bi urte. Deskantsatzea behar genuen. Taldea artistikoki oso indartsu egon da azken unera arte, baina aro berri bati ekiteko gogotsu geunden taldekideok, eta horregatik hartu dugu taldea desegiteko erabakia.  

24 urtean lehenengoz egon da taldea geldi azken bi urteetan?
Bai. Gogoratzen dut duela hamabost urte inguru bi hilabetez geldi egon ginela, baina orduko hartan ez genion utzi entseatzeari, grabatzeari, eta talde batean jotzeak dakarren lan guztia egiteari... Taldea guztiz utzi dugun lehenengo aldia izan da.

Japonian, Argentinan eta Europako herrialde askotan jo duzu Betagarrigaz. Zer bidaia gogoratzen dituzu gehien?
Oso politak izan ziren Argentinakoa, Estatu Batuetakoa... Europan eskainitako asko... Ordu asko egin ditugu errepidean, eta lan handia dago horren guztiaren atzetik... Edozelan ere, guk beti oso gustura egin dugu. Gustuko tokian aldaparik ez!

Horrelako birak egin ahal izateko, erabateko dedikazioa eskaini diozue taldeari?
Urte gehienetan honetan jardun gara buru-belarri, erabateko dedikazioagaz, bai. Bestela, ezinezkoa litzateke. Egin izan ditugun birak beste lan bategaz konbinatzea oso zaila litzateke.

Taldeak eraman zintuen Araban bizitzera?
Hasieran aurrera eta atzera ibiltzen nintzen, edo taldekideen etxeetan geratzen nintzen... Azkenean, bizitzak Araba aldera ekarri ninduen.

Taldeari lotuta, zer oroitzapen gordeko duzu betirako?
Hamaika izan daitezke, baina ez nuke jakingo bat nabarmentzen. Jo dugun herri guztien izenak ez ditut gogoratuko igual, baina zapaldu ditugun eszenatokirik gehienak akorduan ditut.

Betagarriren aroa amaitu arren konposatzen jarraitzen duzu?
Bai, noski, beti bezala jarraitzen dut konposatzen. Nire izaeraren parte da, behar dut gitarra hartu eta sortzea. Baina horrek nora eramango nauen ez dakit, eta planteatu ere ez dut egiten...   

Nerabea zinenetik musika talderen batean ez zabiltzan lehenengo aldia da hau?
Horrela da, bai. 14 urtegaz hasi nintzen, Eta Zer taldean. Gero Ene Badan aritu nintzen, Betagarrin 17 urtez... Duela bi urte geldialdia egin genuenean oso arraroa egin zitzaidan abuztuan oporrak izatea, adibidez. Kontzertu gehien izaten den sasoia denez, ez nekien hori zer zen... Gogoan dut gaztetan nahiago izaten genuela udan oporretan joan beharrean Berrizen entseatzen geratzea...  

Musikoterapia saioak dinamizatzen egiten duzu lan.
Bai, 0 eta 100 urte arteko jendeagaz, terapia egiteko tresna moduan erabiltzen dut musika. Musika eskoletan eta 3. adinekoen egoitzetan eskaintzen ditut saioak, Gasteiz inguruan, gehienbat. Irakaslea naiz, eta hezkuntza eta musikaren inguruan ibili izan naiz beti.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!