Iturritza kalea urbanizatzen hasiko dira datozen egunetan, Berrizen

Maialen Zuazubiskar 2017ko uzt. 17a, 12:08

250.000 euro bideratuko ditu Berrizko Udalak Iturritzako urbanizaziorako.

Oinezkoen ibilbidea hobetzea helburu dituzten obrak uztailean hasi eta lau hilabetetan burutuko dituztela jakitera eman dute ohar bidez Berrizko Udaleko kideek. Oinezkoen eta ibilgailuen trafikoa berrantolatuta eta kalean dauden hesi arkitektonikoak sahiestuta oinezkoentzako guneak hobetuko dituztela jakitera eman dute. 

Lau hilabete iraun eta 250.000 euroko aurrekontua duten lanak Iturritza 23-25-27-29 eta Bidegain 2-4 inguruan egingo dituzte. Udalak jakitera eman duenez, orain arte pribatua izan den Iturritza kalea udalari utzi diote urbanizazioko jabeek.

Egunotan hasiko dituzten lanekin kalearen goiko aldeko espaloia berriztuko dute etxebizitzetarako eta merkataritza lokaletarako sarbideak bermatzeko asmoz, eta kalearen beheko aldeko espaloiari 3 metro inguruko zabalera emango diote. Bestalde, Iturritza kalearen hegoaldean autobus geltokia egokituko dute eta Iturritza-Bidegain kaleen artean 19 aparkaleku berri atonduko dituzte. Horrez gain, aparkaleku berritik Bidegainerako eskailerak ere egokituko dituztela eta garajeetarako bidea ere berriztuko dutela adierazi dute. Bukatzeko, argiteria publikoaren sarea berriztuko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!