2015ean Durangaldeko hainbat kidek sortu zuten Worth It taldeak Berrizko jaialdiaren lehenengo edizioan ere jo zuen, eta oraingoan, taldearen lehenengo diskoa, Closer izenekoa aurkeztuko dute entsegu lokala duten herriko Gaztetxean.
Berrizko eta Durangaldeko musika taldeetan hainbat urtez ibili izan diren lau musikarik iaz sortu zuten Stronger Together taldeak ere joko du II. BHCK jaialdian. Lehenago lagunartean aritu izan badira ere, lehenengo emanaldi “ofiziala” izango da bihar Hiltegixe Gaztetxean eskainiko dutena.
Iaztik hona sortu dituzten kantak joko dituzte, besteak beste Hyssopus taldean ibilitako Arkaitz Bereziartua Beri, Eneko Baseta, Raul Moreno eta Unai Baseta musikariek.
Berrizko entsegu lokaletan sortutako Worth It eta Stronger Together taldeez gain, Realdeal frantsesak eta Legez Kanpo arrasatearrak ere arituko dira ekainaren 24ko Berrizko jaialdian. Rotten Mood diskoa aurkezten dabil Tours hirian sorturiko Realdeal taldea, eta zuzeneko indartsua dakarte Berrizera. 80ko hamarkadako hardcore doinuak eta Oi! ukitukoak jotzen ditu, bestalde, Legez Kanpo hirukoteak. Taldea 2016an sortu zuten arren, duela aste batzuk egin dute debuta.