Azken urteetan ohitura den bezala, zapatua izango da Elizondo inguruan jai giro gehien zabalduko den eguna. Egun horretan, Koadrilen Eguna ospatzen dute berriztarrek eta lagunartean paella txapelketan aritzen dira udaletxeko lorategian. Bazkal ostean, berriz, mus, tute eta briska txapelketak egingo dituzte, ohiturari eutsiz.
Bestalde, azken urteetan bezala txosnaguneko kideek paella janaren plan alternatiboa antolatu dute txosnagunean. Eta denak elkarregaz bazkaltzeko gonbita egin dute. Arratsaldean, berriz, mozorratuta denak alkarregaz koadrilen jaitsieran parte-hartuko dutela jakitera eman dute txosna batzordea osatzen dute Oka elkarteko eta Hiltegixe Gaztetxeko kideek.
Zapatua egun handia izango den arren, eguaztenetik domekara bitartean jai girorik ez da faltako herrian, eta ekintza kultura zabal bategaz disfrutatzeko aukera egongo da.
Bestalde, aurreko urteetan bezala, jai batzordeko kideek aldarria egin diete berriztarrei jaiak parekideak izan daitezen eta euskaraz bizi ditzaten. Horrez gain, jaietan eraso sexistarik ezta, inongo jarrera lesbofobo, homofobo ez transfoborik ez dutela onartuko adierazi dute gaurko prentsaurrekoan.
Txosnaguneak itxura aldaketak
Bestalde, jaietako bost egunetan txosnaguneari, egunero, itxura aldaketa bat egingo diotela jakitera eman dute txosna batzordeko kideek, egunero gai ezberdin bat jorratuz.
Jaietako lehen eguna, esaterako, LGTB eguna izango da, bigarrena, Gazte Eguna eta hirugarrena Disko Gaua. Zapatua, berriz, azken urteetan bezala, Mozorro Eguna izango da eta jaietako azken egunean, Egun Tropikala izango dute gai.
Horrez gain, Berrizko Hiltegixe Gaztetxeak kamisetak egin dituela, eta herritarrei guztiei deia egin diete beraien kamiseta eskura dezaten.