Gaur goizean eman duten prentsaurrekoan antolatzaileek jakitera eman dutenez, 14 urtera arteko 200 bat gaztetxo Berrizburun ariko dira domekan. Txirrindularitzarako zaletasuna sustatzea eta gaztetxoei bizikletan trebatzeko aukerak eskaintzea helburu du Berrizko probak. Ondorioz, garaikurrak beharrean, parte-hartzaile guztiei oroigarriak banatuko dizkietela jakitera eman du Joseba Arregi Berriz Bizikletari Elkarteko kideak.
11:00etan hasiko da lehenengo proba, eta lasterketa bakoitzaren luzera desberdina izango da adinaren arabera. Horretarako, Berrizburu inguruan zirkuitu bi antolatu dituzte, bata 500 metro ingurukoa eta bestea 1200 metrokoa.
Proben ostean, benjaminentzako abilezia lantzeko ginkana bat antolatuko dute Iñaki Lejarreta BTT zirkuituaren zati batean. Alebinek eta infantilek, berriz, Lejarretaren zikuitu osoa egiteko aukera izango dutela jakitera eman dute antolatzaileek. "Guretzat ohore bat da lasterketa hau Berrizen egitea. Horrela, aupada bat ematen baitiogu Iñaki Lejarretari baita bere ibilbideari ere", adierazi du Orland Isoird alkateak.